lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 31/03/2011

EH Palestina eguna aurkeztu dute

Askapena
Herri palestinarrari elkartasuna adierazi eta Palestinan duten okupazioa salatzeko eguna izango da larunbatekoa Zestoan (Gipuzkoa). Euskal

Euskal Herria Palestina Eguna aurkeztu zuten, atzo, Donostian. Lehen lerroan Miren Legorburu ezker abertzaleko kidea, Alazne Olaizola Zestoako alkatea eta Martxelo Diaz Euskal Herria Palestina Sareko ordezkaria

Herri palestinarrari elkartasuna adierazi eta Palestinan duten okupazioa salatzeko eguna izango da larunbatekoa Zestoan (Gipuzkoa). Euskal Herria Palestina Sareak antolatuta, izen bereko egun osoko festa egingo dute, eta herri bateko zein besteko kulturen adierazpen ugari izango dira bertan: musika, dantza, pailazoak, kirola...

Euskal Herria Palestina Eguna aurreneko aldiz ospatzeko Zestoa aukeratu izanak badu bere arrazoia. Bir Zeit Palestinako herriarekin dago senidetuta Urola Kosta eskualdeko herria, eta, hain zuzen ere, hango alkate Jusef Nasser ere Zestoan izango da larunbatean. Euskal Herriko beste hiru herri ere senidetuta daude Palestinako beste horrenbeste herrirekin: Alegi (Gipuzkoa), Arbizu (Nafarroa) eta Igorre (Bizkaia).

Festa eguna izanda ere, larunbatean aldarrikapenak leku nabarmena izango du Zestoan. Martxelo Diaz Euskal Herria Palestina Sareko kideak gogora ekarri zuen, atzo, egunaren aurkezpenean, Israelek nazioarteko legedia «urratzen» segitzen duela. «Palestinak pairatzen duen okupazioaren aurka, Nazio Batuek 242 ebazpenean gaitzetsi zutena, Palestinako talde ugarik nazioarteko legedia urratzen duen artean Israeli boikota egiteko nazioarteko deialdia egin zuten 2005ean». Israeli presio egiteko helburuarekin, BDS kanpaina abiatu zuten (Boikota, Desinbertsioa, Isunak), «Palestinako herriaren aurka ezartzen den apartheid sistemaren aurka eta Hego Afrikan izandako ereduari jarraituz».

Israeli boikota egiteko nazioarteko kanpaina horren lekukoa Euskal Herrian ere hartu dute talde ugarik, eta horren azkeneko gauzatzea izan da Euskal Herria Palestina Sarea. Bertan parte hartzen dute eremu askotako taldeek (internazionalistek, alderdi politikoek, sindikatuek, udalek, gazte erakundeek eta gobernuz kanpoko erakundeek, besteak beste). «Giza eskubideak eta nazioarteko legedia errespetatzen ez duen bitartean, Israel ez da estatu demokratikoa izango», dio Diazek. Horren aurka, «eta Europako eta munduko herrialde askotan bezala», Euskal Herria Palestina Sarea BDS kanpaina eramaten ari da aurrera. «Eskubide hauek errespetatzen ez diren bitartean, estatu sionistaren edozein adierazpenen aurka protesta egingo dugu».

Azkeneko urteotan Israeli boikota egiteko adierazpenak asko izan dira. Tel Aviveko Maccabi saskibaloi taldeak Gasteizen jokatu izan duenean edota Noak eta Mayumanak emanaldiak eskaini dituztenean, «Palestinako herriaren ahotsa» entzun da. Duela aste gutxi batzuk Hondarribian (Gipuzkoa) Israelgo sukaldaritzari buruz antolatuta zeuden jardunaldi batzuk bertan behera uztea lortu zuten herri palestinarraren aldeko ekintzaileek. «Boikotaren aldeko mugimenduarentzat izugarrizko garaipena» izan zen. Nolanahi ere, mugimenduak «jazarpena» ere jasan du, Diazen iritziz. «Azkenekoz joan den astean, Maccabik Caja Laboralen kontra jokatu zuenean, Ertzaintzak atxiki egin baitzuen sareko kide bat».

Egun osoko festa

Euskal Herria Palestina Eguneko ekitaldiak goizean hasiko dira. 11:00etan, sukaldaritza, kometa eta dantza tailerrak izango dira, eta ondoren Txan Magoak eta Porrotx pailazoak ikuskizun bana eskainiko dute. Eguerdiko hamabi t'erdietan Joseba Tapiak bere saioa egingo du. Herri bazkariaren ostean Nabil abeslari palestinarrak kantaldia emango du —Bartzelonan bizi da—, eta ondoren pilota partidak eta dantzari palestinar eta euskal herritarren emanaldia izango dira. Iluntzean ekitaldi politikoa egingo da, baita kontzertua ere Esne Beltza, Arramazka, La Mexikana Klandestina, Harresian Zulo eta Arrebote taldeekin. Amaitzeko, DJ Bullek musika jarriko du.

Ekitaldi politikoa arratsaldean egitekoa zen, baina Sortu legeztatzearen alde Bilbon egingo den manifestazioa dela eta, iluntzera atzeratu dute. «Euskal Herria Sarea osatzen duten taldeetako batzuk Gernikako Akordioko partaide ere badira eta».

berria egunkariko kronika (azpikoa duzue)

gara egunkariko kronika

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal