Parte hartzea %18,53ko izan da EHUko hauteskundeetan
Atzo Unibertsitatea hurrengo sei urteetan gidatuko duen errektorea izendatzeko hauteskundeak izan ziren EHUn. Hauetan, hauteskundeek izan zuten parte-hartze eskasa nabaritu da, izan ere, hautestontzietara deitutako 50.590 pertsonatik 11.081ek eman dute botoa, horietatik 2.870ek Ferreirari eta 7.599k Bengoetxeari. 530 boto zuri eta 82 baliogabe izan dira. Beraz, Ferreirak botoen % 36,3 eskuratu du, eta Bengoetxeak, hauteskundeetako irabazleak, bozen % 63,6.
ASTIDU dinamikak salatu zuenez ,“hauteskundeak asimilazio ideologikorako tresna gisa erabiltzen diren engainu bat besterik ez dira”, eta bi hautagaiek “langile esplotazioaren eta Euskal Herriaren deuseztapenaren logikapean” funtzionatzen dutela azpimarratu zuen. Bide horretan, ikasleak enplegu prekarioetara kondenatzen dituztela, euskara baztertu edo folklorizatu egiten dutela, atzerriko estatu zapaltzaileen hizkuntzak inposatzen dituztela eta euskaraz ikasteko baliabide urriak eskaintzen dituztela gehitu zuen.
Ondoren, bai Ferreirak, bai Bengoetxeak burgesiaren interesak defendatzen dituztela adierazi zuen; “unibertsitatea gero eta gehiago pribatizatuz, garestituz, interesatzen ez zaizkien edukiak kenduz eta antolakuntza politikoa deuseztatuz”. Segidan, hauteskunde hauetan ez bozkatzeko deia egin zuen.
Bukatzeko, zapalkuntza horien guztien aurrean, “ikasleriaren kontzientziazioa eta antolakuntza ezinbestekoak” direla esan zuen eta ikasleen interesak defendatuko dituen unibertsitate euskaldun bateratu bat eratzeko deia egin zuen.