Ehundaka pertsona mobilizatu dira amnistiaren alde Donostian


Igandean, ehundaka pertsonek hartu zituzten Donostiako kaleak ASKE antolakundeak egindako deialdiari jarraituz. Manifestazioa goizeko 13:00etan hasi zen. Donostiako Bulebarretik abiatu ziren ehundaka lagun “Presoak kalera, Amnistia osoa” jartzen zuen pankarta baten atzetik. Ibilbidean zehar, “bakerik ez, amnistiarik gabe”, “independentzia, sozialismoa” eta “presoak kalera, amnistia osoa” oihukatu zuten beste lelo batzuen artean, alde zaharreko Trinitate plazara iritsi ziren arte.
Trinitate plazan, bertso baten ondoren, agiria irakurri zuten. Lehenengo, “Euskal Herriaren askapenaren alde borrokatzeagatik oraindik frantziar eta espainiar estatuen espetxeetan bahituta dauden euskal preso politikoei” elkartasun osoa erakutsi zieten, eta segidan, “entitate sionistaren oldarraldi genozidari aurre eginez sarraski eta euren herriaren deuseztapen saiakeren aurrean defendatzeagatik”, espetxeetan gatibu dauden palestinar preso politikoak gogora ekarri zituzten.
Antolakundearen ustez, Espainiako eta Frantziako estatuak “krisi politikoan” daude, kapitalaren krisi sistemikoaren ondorioz. Bide horretan, estatuek euren betiko errezetarioa baliatzen ari direla adierazi zuten: “eskandaluen aurrean distrakzioa, aldarrikapenen aurrean ukazioa eta aktibazio eta militantzia politikoaren aurrean jazarpena”. Era berean, euskal preso politikoen zein amnistiaren aldeko mezuak eta lanketa jomugan jarri dituztela salatu zuten. Ondoren, “etsaiak bere helburua beteta ere” preso politikoek hor jarraituko dutela azaldu zuten: “Euskal Herria zapalduta dagoen bitartean eta zapalketa honen aurka Euskal Herri Langilea antolatzen den eta behin eta berriz borrokan diharduen bitartean, preso politikoak egon egongo dira”.
Pixka bat beranduago, Euskal Herri Langileak pairatzen duen ofentsiba errepresiboaren aurpegiak salatu zituzten: “elkartasuna adierazteagatik ezarritako milaka eurotako isunetatik hasita, ongi etorrien kriminalizaziotik pasata eta frantziar estatuko blokatze orokorrean zein faxismoari aurre egiteagatik emandako atxiloketetara arte. Eta nola ez, ezin ditzakegu ahaztu Marieneko auzian edota Baztanen talde kriminal gisa epaituak izaten ari direnak”. Denak osotasun baten baitan kokatu zituzten; “Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza nazional eta soziala iturburu duena". Horregatik ezin garela gertakari konkretuen salaketara mugatu eta haratago joan eta Euskal Herri Langileak jasaten duen jazarpenari aurre egiteko baldintzak sortzea dagokigula adierazi zuten.
Bide horretan, ASKE-k errepresioari modu osotuan erantzungo diola esan zuten, “Frantziar eta espainiar estatuen oldarraldiei aurre eginez eta Euskal Herri Langilearen kontraboterearen eraikuntzan lagunduz”. Beraientzat, jazarpen forma oro gainditzeko bidean erdietsi beharreko ortzimugak izen argia dauka: “amnistia” Izan ere, “hau ez datza soilik euskal preso politikoen askatasuna erdiestean. Euskal Herri langileak pairatzen duen jazarpenaren gaindipena eta, aldi berean, bere askapenaren alde emandako borrokaren eta honetan aritutako borrokalarien zilegitasun osoaren aitortza suposatzen du Euskal Herri Langilearen begietan”.