Ehundaka lagun manifestatu dira Nakbaren 76. urteurrenean
Gaurko egunarekin, Israelek sortu zela 76. urteurrena ospatuko du. Eta palestinarrek 1948an tragedia bat hasi zela gogoraraziko dute. Urte hartako gertaerek etengabeko ihesaldia eragin zuten, gaur egun zazpi milioi palestinar baino gehiago erbestean izateraino. Urte hartan 726.000 herritarrek ihes egin behar izan zuten etxetik, edota bota egin zituzten, eta ehunka lagun hil zituzten. 414 herrixka kiskali zituzten israeldarrek, eta palestinarren ondasunak bereganatu zituzten. 1952an Israelgo Legebiltzarrak Herritartasunaren Legea onartu eta gero, palestinarrei herritartasuna ukatu egin zieten estatu berrian, eta 1967an,Gaza eta Zisjordania militarki okupatu zituztenean, egoera larriagoa egin zen; berriz ere ihesaldi masiboa eragin zuten. Nakba eguna palestinarren aldarrikapen eguna izaten da; Israeli sarraskiagatik erantzukizuna eta auziari irtenbide bat eman diezaioten eskatzeko ateratzen dira palestinarrak kalera, Lurralde Okupatuetan nahiz erbestean. Etxera itzultzeko eta herri modura etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dute.
Urtero bezala hiriburuetan mobilizatzera deitu du BDZ kolektiboak, eta lehenengoa Iruñean izan da. Goizaldeko 00:00etan hasi da martxa isila, Udaletxetik abiatuta, eta jendeak hainbat kandela eramaten zituen eskuetan. Mobilizazio hauek balio dute «Palestinako herriarekiko elkartasuna eta konpromisoa adierazteko», eta,«Euskal Herritik Israelekiko konplizitateak seinalatzeko, sionismoaren zigorgabetasuna babesten dutelako, haren hedapena bultzatzen dutelako eta haren existentzia normalizatzen dutelako» adierazi du kolektiboak. Bilbon, Donostian eta Gasteizen Nakba egunaren harira mobilizatuko dira gaur ere, hilak 15, 19:00etan, Plaza Eliptikoan, Boulevardean eta Andre Maria Zuriaren plazan, hurrenez hurren.
Bestalde, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, gaurko egunean zehar beste eskualde eta osasun-zentroetan mobilizatuko dira baita ere eta larunbat honetarako manifestazio nazionala antolatu du plataformak,"Palestina askatu!" lemapean.