Enparantza eta Zulueta abokatuen aurkako zigorrak berretsi ditu Auzitegi Gorenak

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin ditu 2022an 13/13 auziari lotuta Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuen kontra ezarritako zigorrak. Auzi hartan euskal preso politikoen defentsan behar egindako zazpi abokatu auzipetuak izan ziren; haietatik hiru absolbitu egin zituen —Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo—. Zulueta lekeitiarrari dagokionez, zigorrik handiena ezarri zioten, zazpi urte eta erdikoa, “erakunde terroristako kide” izateaz hargo, lehergaiak ere edukitzea leporatzen baitzioten. Enparantzari lau urteko zigorra ezarri zioten, hura ere erakunde terroristaren kide zela eta.
Gainontzeko bi zigortuak Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi izan ziren. Lehenari hiru urte eta erdiko zigorra ezarri zioten; hiru urte eta egun batekoa, bigarrenari. Alde horretatik, Gorenak bion helegiteen zati bat aintzatetsi du, eta Auzitegi Nazionalaren zigorrak arindu ditu: Zuriarraini urte bira jaitsi diote zigorra, eta urte biko inhabilitazioa ere jasoko du, kargu publiko batean jarduteko; Sarriegiri urte eta erdira jaitsi diote berea, inhabilitazio beragaz. Hala Zuluetaren, nola Enparantzaren helegiteak ez dituzte onartu.
Beraz, Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia konfirmatu du. 174 orrialdeko sententzia da epaiaren muina, eta, lehen auzitegiaren arabera, Halboka deritzon abokatu talde batek osatutako egitura juridikoa “ETA talde terroristan guztiz barneratuta” zegoen. Abokatu multzo horri “fronte juridikoa” osatzea egotzi zieten, 2022an. Epaiaren arabera, ETAko kideen “lege defentsa” egiteaz gain, presoen eta erakundearen zuzendaritzaren arteko “lotura lana” egin izana ere leporatu zieten, “ETAren ildoak transmitituz”.
“Bitartekaritza” karguak
“Fronte juridikoaren” jomuga “presoak kontrolatzea” zela adierazi du sententziak, “erakundera leial mantentzeko”. Presoen kolektiboaren eta zuzendaritzaren arteko “bitartekari lanak” egiten omen zituzten abokatuek, baita Atxa izenekoak helarazi ere; horiek atxilotuek zuzendaritzari igorri behar zizkieten txostenak dira, epaile nahiz poliziaren aurrean egindako adierazpenen inguruan edo beren atxiloketaren inguruko ustezko akatsen berri emateko”. Ez hori bakarrik: “Ekintza terroristetarako informazioa pilatzea edo iraultza zergaren bilketa egiten laguntzea” dira taldeari egozten zaizkion karguetako zenbait.
Sententzian argitzen denez, “fronte juridikoaren” egoitzak Bilbon eta Hernanin zeuden. Lehenengoan egiten zuen lan Zuluetak, Zuriarrainegaz; Enparantzak eta Sarriegik, bigarrenean. Halaber, sententziak zehazten du lekeitiarra, 2006tik aurrera, abokatuen kolektiboaren buru izatera pasa zela, eta “zuzendaritzagaz etengabeko komunikazioa” zuela; iraultza zergaren ordainketetan “parte hartu”, edota ETAren helburuak zehazten “lagundu” edota ETAko kideei Justiziatik ihes egiteko “kolaboratu” zuela ere badio. Epaiaren arabera, 2010ean, Zuluetaren bulegoan “ETAK lehergailu eta armekin zituen zuloen gaineko informaziodun pendrive bat” topatu zuten.
13/13 auzia orduko, 11/13 izenekoan ere murgilduta egon ziren bai Zulueta, bai Enparantza. Orduko hartan, zenbait hilabetez kartzela zigorra jaso zuten. Lehenik, Zaballako espetxean sartu zuten lekeitiarra. Ostean, urruntzea pairatu zuen, Picassentera aldatu baitzuten.
Elkarretaratzea, barikuan
Espainiako Auzitegi Gorenaren berrespenaren aurrean, Ez gaitzatela atzera eraman. Konponbidean, aurrera! lelopean, elkarretaratze eta asanblada informatiboan bilduko dira herritarrak. Barikuan [urtarrilak 9] egingo dute, 19:30ean, Eskolapean.







