Enpresari batek hainbat atzerritar esplotatu ditu Ideazabalen


Maiatzaren 8an, Logroñoko 38 urteko enpresari bat atxilotu zuen Ertzaintzak Idiazabalen, hainbat atzerritar esplotatzeko baldintza gogorrak agerian utzi zituen salaketa baten ondorioz.
2025eko urtarrilean, pertsona bat gizarte-zerbitzura joan zen laguntza eskatzera; izan ere, nahiz eta egunean 10 ordu baino gehiago lan egin, asteburuak barne, ez zuen nahikoa baliabiderik, ezta jateko ere. Gizarte-zerbitzuetan alerta hau jaso ostea ikerketa hasi zen.
Langileak esplotatzen zituen enpresaburua, bi enpresaren administratzaile bakarra zen, eta enpresa horien bidez, atzerriko langileak erakartzen zituen eta telekomunikazio-operadoreentzat lan egiten zuten konpainia instalatzaileek azpikontratatzen zituzten. Espainian erregularizatzeko promesa faltsuak egin zizkiotela salatu zuten biktimak, eta hilean 4.000 eurorainoko soldatak izango zituztela etxeetan eta enpresetan zuntz optikoa instalatzeagatik.
Hala ere, errealitatea osos desberdina zen. Dirudienez, instalazio bakoitzarengatik jasotako zenbatekoaren % 75 beretzat hartzen zuen enpresaburuak. Gainerako % 25etik, gasolina, ostatua, ustezko zorra eta paperik gabe lan egiteagatik ustez sortutako gastuak ordaintzeko % 8 deskontatzen zizkien langileei, eta, ondorioz, egoera ekonomiko oso ahulean uzten zituen. Era berean, egoera administratibo irregularrean zeuden biktimei ez zieten alta ematen Gizarte Segurantzan, eta faltsututako txartelak ematen zizkieten afiliatu gisa agertzen ziren pertsonen izenean. Horri esker, hainbat pertsona aldi berean enplegatzen zituen enpresaburuak, altan pertsona bakarra izan arren.
Osotara bost langilek jarri dute salaketa, eta biktima kopuruak gora egingo du, izan ere, Ertzaintzaren ustez, pertsona batzuk oraindik salatzeko beldur izango dira, errepresalien beldur. Bestetik, 32 urteko emakume bat ere atxilotu zuten, kasuarekin zerikusia duelakoan.