lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 06/02/2026

Epaileak euskaraz aritzea ukatu die Euskal Herrian Euskarazeko auzipetuei

La Haine - Euskal Herria
Euskararen aldeko margoketa bat egiteagatik epaitu zituzten atzo, eta osotara, 3000 euroko isuna ezarri diete.

Azken bi urteotan ohiko bihurtu den irudia berriro ikusi zen atzo arratsaldean Baionako auzitegian: Euskal Herrian Euskarazeko lau kideek euskaraz deklaratzeko eskubidea eskatu zuten, eta epailearen esku geratu zen eskubide hori aitortu eta auziarekin aurrera egitea, ala eskaera ukatu eta epaiketa auzipetuak bertan izan gabe egitea. Hala ere, atzokoan bazen berezitasun bat: lau auzipetuetatik bat Hego Euskal Herrikoa da, espainiar nazionalitatea du, eta euskara hizkuntza ofiziala den lurralde batekoa da. Halaber, beste behin ere, epaileak ukatu egin zien euskaraz deklaratzeko eskubidea.

Epaileak adierazi zien frantsesez edo gaztelerazko itzultzailearekin eginen zituzten adierazpenak baizik ez zituela onartuko. Lau auzipetuek adierazi zioten ez zutela erabaki horrekin bat egiten, eta epaileari bizkarra emanda, auzi gelaren aitzinean euskaraz mintzatzen hasi ziren irailean egin zuten ekintza azaltzeko. Epaileak Poliziari dei egin zion, haserre, eta auzi gela hustu zuten. Beste gela batean egin dute epaiketa, eta EHEko kideei ez diete sartzen utzi. Azkenean, andeatzearinak egotzita, kide bati 1.500 euroko isuna ezarri diote, eta bi urterako eskubide zibilak kendu dizkiote, antzeko ekintzengatik aurrekariak baititu. Gainerako hiru auzipetuei 500 euroko isuna jarri diete, gibelapenarekin.

Joan den abenduan, auzipetuei babesa adierazteko egindako agerraldian, hainbat euskaltzalek gogorarazi zuten 1980ko eta 1990eko hamarkadetan Baionako auzitegian epaitu frantses nazionalitatea zuten zenbait lagunek euskaraz deklaratu zutela. Iazko urrian, gai honi sakon heldu zion Esteban Bastié lankideak Euskal Irratietan, eta Ihintza Palacín EHUko ikertzaileak azaldu zuen auziaren giltza 1992an V. Errepublikako Konstituzioari egindako emendakinean dagoela. Orduan zehaztu zen Konstituzioan frantsesa dela Errepublikako hizkuntza, eta, ondorioz, Errepublikako ordezkariekin —auzitegiak barne— harremanak izateko hizkuntza ere bai.

Iragan larunbatean, 200 bat lagun bildu ziren Baionan epaitu dituzten EHEko kideei babesa emateko, margoketa egin zuten toki berean elkarretaratuta. Bertan, “desobedientzia” aldarrikatu zuten, eta epaiketan euskara hutsean jardungo dutela berretsi. Joan den abenduan, epaituek gutuna bidali zioten Baionako auzitegiari euskaraz deklaratzeko aukera eskatzeko, baina ordura arte ez dute inolako erantzunik jaso. 

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal