Eraso faxista bat salatu dute Orkoienen
Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak salatu duenez, zenbait gaztek Espainiako banderarekin probokazioan jardun zuten, eta ondoren elektrotxarangako kideei eraso egiten saiatu ziren.
Orkoiengo Euskaltzaleak jakinarazi du inauterietako ospakizunetan gazte talde batek eraso faxista eta espainolista egin zuela. Herriko bizilagun batzuek urtero antolatzen dituzte herri inauteriak, eta aurten ere hala izan da. Joan den larunbat goizean giroa bikaina izan zen: kalejira, mozorroak, txistor jana… Arazoak, ordea, arratsaldera aldera sortu ziren.
Orkoiengo Euskaltzaleak taldeko kide batek Berria hedabideari azaldu dionez, bazkalondoan, DJaren saioan, herriko gazte bat ingurukoak zirikatzen hasi zen. Espainiako futbol selekzioaren kapela zeraman, eta DJa hura janztera behartu nahi izan zuen. Pixkanaka astun bihurtu zen, baina jendeak ez zion jaramonik egin, eta azkenean alde egin zuen. Handik gutxira berriz agertu zen, Espainiako bandera eskuan zuela. Beste hainbat lagun ere batu zitzaizkion, eta denak batera bandera astintzen hasi ziren. Euskarazko mezuren bat entzuten zuten bakoitzean, "que no se entiende!" oihukatzen zuten. Horrek tentsioa handitzea eragin zuen, eta elektrotxarangaren emanaldian lehertu zen egoera.
Berriozarko Elektrotxaranga kalera atera zen jotzera eta, antza, Nafarroako bandera zeraman, koroarik gabea. Horrek are gehiago haserretu zituen Espainiako banderarekin zebiltzanak, eta musikarien aurka oldartu ziren: inguratu egin zituzten, aurrez aurre jarri, eta jotzen saiatu ziren. Giroa oso garratz bihurtu zen; gainera, elektrotxarangako kideetako batzuk adingabeak ziren, eta gurasoak ere inguruan zeuden. Dirudienez, bati lepotik heldu zioten.
Foruzaingoaren esku-hartzearekin amaitu zen liskarra. Antolatzaileek bertan behera utzi zituzten arratsaldeko ekitaldi guztiak: kalejira, txokolate jana eta zezensuzkoa.







