ERNAIen I.Bilgune Orokorraren ondorioak eta balorazioa


Ernai Gazte Antolakundearen sortze prozesuan erabaki bezala, udan gure lehen Bilgune Orokorra burutu dugu. Bertan, Ernaiko ehunaka militanterekin datorren ikasturterako lehentasunezko ildoak zehaztu eta gure funtzionamenduari dagozkion zenbait erabaki hartu ditugu.
Bilgune Orokorra Ernaien erabakigune nagusia da eta honen helburua hurrengo ikasturteko lan lerroak finkatzea da. Horrez gain, herrietako militanteon arteko elkar ezagutza sustatu asmo du.
Hainbat eztabaiden ondorioz, hauek dira hurrengo ikasturteari begira Ernaik landuko dituen ildoak:
Zukgua prozesuan finkatu bezala, Ernaik bi lan lerro nagusi izango ditu; batetik, bizi eredu berrien eraikuntza eta bestetik, gatazkaren konponbidea.
Bizi eredu berrien eraikuntzan:
Prekarietatea eta Nazio identitatea izan dira lehentasun gisa gehien nabarmendu diren ildoak.
Prekarietatearen baitan ikuspegi ezberdinetatik lantzeko aukera mahaigaineratu da, garrantzia berezia hartuz lanaren aferak.
Hala ere gehien nabarmendu diren ildoak hauek izan badira ere azpimarragarriak dira, euskara, hezkuntza, feminismoa zein proiektu txikitzaileei eman zaien garrantzia.
Gatazkaren konponbideari dagokionean:
Preso eta iheslariak, jazarpen politikoa eta erabakitzeko eskubidearen ildoa izan dira lehentasunezkotzat jo ditugun gaiak.
Hauez gain, memoria eta indar errepresiboei begirako ildoei ere garrantzia eman zaie.
Zentzu honetan, Ernaik, preso eta iheslarien aitortza politikoa, epaiketen etetea eta burujabetzaren aldeko masen artikulazioa izango du jomuga. Horrez gain, datozen urteetan bizi eredu berrien eraikuntzaren alorrean alternatiben eraikuntzari berebiziko garrantzia eman asmo diogu, sistemaren erasoen aurrean gazteria aktibo bilakatuz.
Lehentasunezko ildo nagusiez gain, formakuntzak, feminismoak eta Internazionalismoak Gazte Antolakundearen baitan garrantzi berezia hartuko dute, irailetik aurrera barne prozesu ezberdinei ekingo diogularik. Honi erantzuteko nazio mailako hainbat lan-talde sortu dira.
Eztabaida saioak, zein eta bertatik ateratako ondorioak positiboki baloratzen ditugu, jorratutako gaien mardultasuna aintzat hartuta, guztion artean erabakiak hartzeko gai izan garela nabarmenduz. Aipatzekoa da ordea, Bilgune Orokorraren hasieratik jazarpen polizial nabarmena izan dugula, gure jarduna baldintzatu eta militantziarengan eragin nahian. Bestelako Euskal Herri bat eraiki asmo dugun gazteria gara, jardun politiko bat garatzen dugun gazteak, hori da jazartuak izatearen arrazoi bakarra eta hori hain zuzen ere salatzen duguna. Gu kikiltzeko saiakera guztian gainetik ordea, hautua egina dugu eta datorren ikasturterako oinarriak ere finkatu ditugu, irailetik aurrera guztiok batera ekiteko.







