Erorien Monumentua eraits dezatela eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbatean Iruñean
Erorien Monumentua frankismoa goratzeko eraiki zuten 1942an, Iruñean. Eraikinaren geroari buruzko eztabaida ez atzera ez aurrera egon da azken hamarkadetan, eta PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik akordio politiko bat egin zuten iazko azaroan gai horren inguruan. Elkarte memorialista nagusien nahiaren aurka, adostu zuten monumentuari beste adiera bat ematea, zenbait atal eraitsi baina eraikina guztiz bota gabe. Akordioaren berri eman bezain pronto, kontra azaldu ziren elkarte memorialistak, eta gaur agerraldi bat egin dute, larunbatean manifestatzera deitzeko. Protesta 18:00etan abiatuko da, Eraitsi orain! lelopean. Erorien Monumentutik bertatik hasiko da, eta Gazteluko plazan amaitu.
Eraistearekin lotuta, bi eskera egin dituzte. Batetik, Memoria Demokratikoaren Legea eta Nafarroako ikur frankisten erroldaren legea betetzeko eskatu diete, eta gogora ekarri lege horiek alderdiek eurek adostutakoak direla. Bestetik, galdegin dute adieraberritzearen aldeko akordioa eraistearen aldekoa bihurtu dadila, «Nafarroako gizartearen gehiengoaren eskaerarekin bat eginez, Nafarroan frankismoaren biktimak umiliatzeko sinbolorik handiena baita».
Gogora ekarri dute Nafarroan militarrek, falangistek eta karlistek 3.700 pertsonatik gora hil zituztela, eta guztira 30.000 lagun baino gehiago izan zirela espetxeratuak, jazarriak, bortxatuak eta bahituak. «Nafarroako biztanleriaren parte handi batek mota guztietako laidoak eta erasoak jasan behar izan zituen».
Elkarte memorialistek adierazi dutenez, «Jainkoaren eta Espainiaren alde hildakoak goratzeko» eraiki zuten monumentua, eta «gogora ekartzeko inork ezin ziola aurka egin erregimen berriari». Finean, errepresioa ezarri zutenak goraipatzen ditu, agerraldian salatu dutenez. Horregatik eskatu dute eraisteko.
Erorien Monumentua eraits dezatela eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbatean Iruñean