Ertzaintzak komisarian jipoitu zuen emakumearen kasua itxi dute
Gertakariaren jatorria 2018ko maiatzaren 26an dago,Getxon, Silviak Poliziari aurpegiratu zionean etxerik gabeko pertsona bati ematen ari zitzaion tratua. Eztabaida labur baten ondoren, Poliziak emakumea atxilotu eta komisariara eraman zuen. Bertan jipoitu zuen Ertzaintzak Silvia, segurtasun kamerek grabatutako bideoetan argi ikus daitekeenez.
Silviak komisarian jasandako indarkeria bideoz frogatu zen arren, eta sei urteko borroka judizialaren ondoren, sistemak berriro ere biktima "isilarazteko" mekanismoak aktibatu dituela salatu du SOS arrazakeriak.
Epaitegi Gorenera jotzeko ezinbesteko errekurtsoa zen prokuradoreak aurkeztu beharrekoa, eta hori gabe ukatu egin diote bide judizialarekin jarraitzea. Kasua itxitzat eman da eta ezingo da berrikuspen judizialik egin. Egoera salatzeko SOS Arrazakeria Bizkaiak eta Silvia no estás sola eragileek elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean.
Biktima errudun
2023ko azaroan egin zen epaiketa. Eusko Jaurlaritzak agente erasotzaileari abokatua jarri zion bitartean, Silvia ofiziozko abokatu batek defendatu zuen. Are gehiago, erasotzaileak berak jarritako salaketa baten ondorioz, emakumeak zazpi urteko kartzela-zigor eskaera jaso zuen.
Bizkaiko SOS Arrazakeria eta Silvia no estás sola eragileek ohar bidez gogoratu duenez, ikerketa polizien eta Segurtasun Sailaren hainbat "patroi kezkagarri" utzi zituen agerian: hasieran bideoak ezkutatu izana, Silviaren lesioen argazkirik ez aurkeztea, Torturaren Istanbulgo Protokoloa aplikatu ez izana, edo txosten psikologikoak baztertzea, besteak beste. Epaiak jaso zuen ertzainek inongo justifikazio legalik gabe atxilotu zutela emakumea. Azkenik, Bizkaiko Auzitegiak agente erasotzailea errudun jo zuen osotasun moralaren aurkako delitu batengatik eta lesio arinengatik, baina zigor arinak ezarri zizkion. Aldi berean, Silvia errudun jo zuten agintaritzari desobedientzia egotzita eta isun ekonomikoa ezarri zioten.
Aurten, Silviak Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa zuen, bere errugabetasuna frogatzeko eta agenteak zigor gogorragoa jasotzea eskatzeko. Ez da posible izango, ordea, prokuradoreak ez duelako helegitea garaiz aurkeztu. "Orain, sei urte geroago, Silvia Auzitegi Gorenean desobedientzia delitu bidegabea egotzi ziotela errekurritzen saiatzen ari zenean, “ezusteko ahazte” nekez sinesgarrian: ofizioko prokuradoreak ez du errekurtsoa aurkeztu. Hau kasualitatea! Berriro gertakari nahasi, disuaziozko eta susmagarriak".
Arrazakeria eta bazterkeria "egunerokoak"
Justizia sistemaren egiturazko izaera salatu dute Silvia no estás sola eta SOS Arrazakeriak: "Prokuradorearen ‘ahanztura’ historia baten azken kapitulua da, erakusten duena segurtasun-indarren babes ‘politikoa’, arrazakeria instituzionala, emakume migratzaileen aurkako indarkeria eta justiziarako sarbidean dagoen desberdintasuna gure sistema judizialean eguneroko errealitateak direla".