Ertzaintzak zenbait pertsona salatu ditu Espainiako Vueltan izandako protesten harira


Ertzaintzak zenbait herritar salatu ditu Espainiako Vueltan Bilbon Israelen aurka izan ziren protesten harira. Kirol Arloko Indarkeriaren, Arrazismoaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren Kontrako Estatu Batzorde Iraunkorrean ipini dituzte salaketak eta 3.000 eta 4.000 euro bitarteko zigorrak jaso ditzakete, baita kirol eremuetara sartzeko debekua ere. Ertzaintzak jakinarazi duenez, zabalik jarraitzen du ikerketa, hala ere, ez dute zehaztu zenbat pertsona dauden ikerketapean, ezta zenbat salaketa ipini dituzten ere.
Irailaren 3ko etapa Bilbon hasi eta Bilbon amaitzekoa zen. Baina milaka manifestari elkartu ziren helmuga inguruan, On Diego Lopez de Haro kalean, kale nagusian, palestinar bandera eta Israelen aurkako mezu ugarirekin, eta txirrindularitza probako antolakuntzak erabaki zuen etapa lehenago amaitzea, helmugaratu baino lehen. Hiru kilometro inguru lehenago gelditu zuten kronometroa, buruan zihoazen bi txirrindulariak Deustura sartzen ari zirela. Erabakiak sorpresaz hartu zituen txirrindulariak, baita irrati eta telebista emanaldietako berriemaileak ere. Antolakuntzak erabaki zuen etapa irabazlerik ez izendatzea, eta Deustuko puntu horretara arteko denborak hartzea kontutan. Txirrindulariak zuzenean San Mamesera bideratu zituzten; han zituzten haien autobusak eta talde teknikoetako kideak. Helmuga puntutik igaro zen etapa aurretiaz, hala zelako ibilbidea. Protestak izan ziren, ia hesiak bota zituzten manifestariek, eta Udaltzaingoa eta Ertzaintza agertu zen gero. Osotara hiru lagun atxilotu zituzten.