Espainiako Konstituzioaren aurka mobilizatzera deitu du JARKI-k

Urtero bezala, manifestazio nazionala deitu du JARKI antolakunde iarultzaileak abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioa onartu zuten egunean. Manifestaldia “Euskal Herri Langileak apurketa” lelo pean egingo dute, eta arratsaldeko 19:00etan abiatuko da Durangoko Landako gunetik.
Prentsaurreko baten bidez, antolakunde iraultzaileak azaldu du mobilizazio hau ez dela soilik momentuko egoera politikoari zein problematika zehatzei erantzuteko, baizik eta “Euskal Herriak pairatzen duen klase zein nazio parametroetako zapalkuntzaren erroei aurre egiteko”. Zentzu horretan, “Espainiar Konstituzioa arroztasunetik egunero Euskal Herriko langileok bizi dugun errealitatearen iturburua” dela gaineratu dute; “denok baikaude konstituzioaren menpe”. Bai frantziar, bai espainiar konstituzioetatik ezin dela ihes egin salatu dute jarraian, bi estatuak “Euskal Herriaren etorkizunaren jaun eta jabe” direla esanez, izan ere, hauek “inposatutako eta euren neurrira idatzitako konstituzioen pean” baikaude.
Segidan, honako galdera hauek egin dituzte: “Baina noiz arte egon beharko da Euskal Herria Frantziaren eta Espainiaren menpe? Noiz arte jarraitu beharko du Euskal Herri Langileak zanpatuta eta bere nazio izaera ukatuta?” Antolakunde iraultzaileak salatu duenez, “tantaz tanta disolbatu nahi dute Euskal Herria” euren estatuen proiektu politikoaren baitan. Era berean, egun Euskal Herrian “bizi ditugun zapalkuntza eta injustiziak konstituzioetatik eratorritako errealitatearen islaren gainean eraikiak” direla gaineratu dute.
Hala ere, alternatiba badagoela adierazi du antolakunde iraultzaileak: “Euskal Herriko langileon esku baitago inposatzen diguten errealitate horrekin apurtu, eta Euskal Herri independente eta sozialista baterako ateak parez pare ireki behar dituen errealitatearen eraikuntza”.
Bide horretan, estatuek inposatutako instituzio, legedia eta erregimenekiko apurketa beharrezkoa dela azaldu dute: “Beharrezkoa da Euskal Herriko langileon mesedepeko kontraboterea oinarri duen alternatiba iraultzailearen eraikuntzarako. Beharrezkoa da Euskal Herriko langileak azpiratuta mantentzen dituen uztarria apurtu, eta esplotaziorik zein zapalkuntzarik gabeko etorkizunari bidea emateko. Beharrezkoa da Euskal Herriko nazio izaeraren aitortzarako ez ezik, hau bere etorkizunaren lemaren jabe ere izateko. Apurketaren bitartez igarotzen baita estatuen botere eta neurrigabekeriaren amaiera eta Euskal Herriko langile klasearen proiektu politikoaren gauzapena”.
Bukatzeko, abenduaren 6an antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diote Euskal Herri Langileari; “apurketaren bidetik eta konfrontazioaren bitartez bakarrik onduko baitugu Euskal Herriaren etorkizuna”.
![]()







