lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 03/09/2024

Espetxeratze arriskuan daude bi donostiar, euskal preso politikoen ikur bat jartzen saiatzeagatik

Beñat Parra
Bi urte eta erdiko eta urte eta erdiko zigorra eskatu dute auzipetuentzat.

Joseba eta Eñaut Alvarez aita-seme donostiarrak espetxe zigor eskaera jaso dute, 2023ko San Sebastian bezperan Parte Zaharreko Plaza Berrian euskal preso politikoen etxeratzearen aldeko pankarta bat jartzen saiatzeagatik. Iazko maiatzean, 750 euroko isuna jaso zuen bakoitzak eta deklaratzera deitu zituzten, eta zigor eskaera jaso dute orain: urte eta erdikoa Eñaut Alvarezek eta bi urte eta erdikoa Joseba Alvarezek, auzipetuek beraiek baieztatu dutenez. Orain, epaiketa egunaren zain daude.

Piztu Donostia plataformak adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat jo du zigor eskaera: “Herri eragile ezberdinen ekimen soziopolitikoa da pankarta jartzearena, Donostiak, Euskal Herriak zein munduak bizi dituen arazoen ispilu dira. Adierazpen askatasuna. Donostia Mozal Hiria”.

Auzipetuek hedabide honi azaldu diotenez, “autoritateari atentatua eta lesioak eragitea egotzita” jaso dute aipaturiko zigor eskaera, isun administratibo bana ere jaso dutela gogorarazi dute, “mozal lege gisa ezaguna den arautegia aplikatuz”. “Oso gertaera larria deritzogu kalean aldarrikapenak jartzen ari diren herritarren aurka Poliziak era honetan ekitea, baina are larriagotzat dugu gertaerak judizializatu eta herritarron aurkako ondorio penalak bilatzea. Adierazpen askatasunaren eta oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako beste gertaera baten aurrean gaudela ere salatu nahiko genuke”, gaineratu dute.

Gertakariak

2023ko San Sebastian egunaren bezperan gertatutakoa ere gogoratu dute militanteek, baita nabarmendu ere Euskal Herriko auzo eta herrietako jaiak “festarako eta aldarrikapenerako espazioak” izan direla beti, eta Donostiako San Sebastian eguna ez dela salbuespena: “Urte askotan egin dugun moduan, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik espetxean dauden lagun eta senideen etxeratzea aldarrikatzen zuen bandera zintzilikatzeko asmoz bertaratu ginen Plaza Berrira hainbat herritar. Bandera kolokatzeari ekin genionean, Plaza Berrian zeuden udaltzainak aldarrikapenak jartzea debekatuta dagoela esan eta errefortzuak eskatzearekin batera herritarron aurka oldartu ziren. Borra eta ezkutuak baliatuz, oihu eta mehatxu artean, bandera jartzen ari ginen herritarron aurka egin zuten udaltzainek, azkenean laban bat baliatuz banderaren soketako bat moztea lortu zuten arte, hau kolokatzea ezinezko eginaz”.

Zigor eskaera jasota ere, nabarmendu dute euskal presoen etxeratzearen alde borrokatzen jarraituko dutela: “Mota guztietako oztopoen gainetik, Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak bat egiten duen aldarria, hau da, euskal presoen etxeratzeko aldarria Euskal Herriko eta Donostiako balkoi, jai eta plazetan jartzen jarraituko dugula azpimarratu nahi dugu”.

https://irutxulo.hitza.eus/2024/09/03/espetxeratze-arriskuan-daude-bi-donostiar-presoen-aldeko-pankarta-bat-jartzen-saiatzeagatik/

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal