lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 04/01/2026

"Estatubatuarron nahiak bete arte guk izango dugu Venezuelako kontrola", adierazi du Trumpek

Gorka Peñagarikano Goikoetxea
AEBen interesak bete arteko "trantsizio garaia" aurreikusi du Trumpek Venezuelarako, eta pozik agertu da petrolioen ustiaketa eta instalazioen kontrola bereganatuko dituelako.

Droga-trafikoaren eta narkotrafiko ontzien kontua, eta legez kanpoko migrazioarena, aitzakia baino ez da izan: Estatu Batuetako barne-iritzia elikatzeko atondua, Mikel Aramendi analistak duela hiru aste Argian zioen moduan. Armada estatubatuarrak inbasioa abiatu du Venezuelan, Nicolas Maduro presidentea bahitu, AEBetara eraman, eta Venezuelaren kontrola Etxe Zuritik hartuta. Harrabotsa sortzeko, Euskal Herrian 07:00ak zirenean –bost ordu gutxiago Venezuelan–, hainbat intereseko instalazio bonbaz lehertu dituzte AEBek, batik bat eraikin zibil, militar eta energetikoak. Hori izan da lehen notizia, baina ordu eskasera etorri da bigarrena, askoz ere inportanteagoa, Trumpen sare sozialetan: Maduro bahitu egin dute inteligentzia zerbitzuek, eta AEBetara bidean jarri.

Maduro kanporatuta, "trantsizio garaia" iragarri du Venezuelarako Donald Trump presidente estatubatuarrak, eta hori esan eta segidan petrolio instalakuntzak aipatu ditu, ez alferrik, horien kontrola bereganatzea baitzen AEBen asmoa. "Inbertsioak egingo ditugu, eta diru asko aterako dugu hortik, denon intereserako", esan du Trumpek. "Estatubatuarron nahiak bete arte guk izango dugu Venezuelako kontrola", esanda utzi du Trumpek. Dena den, kazetariek galdetutakoan, baztertu egin du María Corina Machado opositorea presidente izendatuko dutenik, bere herrialdean "ez babesik ez errespeturik" ez duela argudiatuta.

"Ilegitimoa zen Maduro presidentea, narkotrafikoaren burua, zuon [venezuelarron] izena eta herrialdea zikindu duena", esan du presidente estatubatuarrak. Bahitu egin dituzte Maduro eta bere emaztea, ontzi militar estatubatuar batean sartu, eta AEBetara bidean ipini. New Yorkera eramango dituzte, Maduro "justiziaren aurrean esertzeko". Han epaituko dute, "laster", hain zuzen "narkoterrorismoa" eta "AEBen aurkako konspirazioa" leporatuta. Trumpek esan du, era iraingarrian, etxeko sofatik ikusi duela bahiketaren unea, zuzeneko bideo-konexio bidez.

Venezuelaren haserrea

Trumpena bazitekeen guztiz egia ez izatea, baina Venezuelako presidenteorde Delcy Rodríguezek baieztatu du ez zuela Maduroren berririk. Salbuespen egoera ezarri da herrialdean. "Eraso militar oso larri" gisa izendatu dute, eta Barne Ministro den Diosdado Cabellok mezua helarazi die nazioarteko eragileei: "Zerbait egingo duzue venezuelar zibilak erail eta gure eraikinak nahieran bonbardatzen dituen estatu inbasorearen aurka, edo konplize izaten segituko duzue?". Armadari ere mezua bidali dio "borroka armatura pasatzeko", eta herritarrei mobilizatzeko eskatu die.

Chavismoaren aldekoak kalera irten dira Caracasen eta Venezuelako zenbait leku gehiagotan ere bai. AEBen estatu kolpea salatu dute, Madurorena letra larriz "bahiketa" izan dela azpimarratuta, eta ez "atxiloketa" edo "harrapaketa", hainbat gobernuk eta komunikabidek izendatu gisa.

Erreakzioak, alde zein kontra

Nazioarteko eskuinak eta eskuin muturrak "Maduroren erregimena gainditzeko ordua" dela esanez txalotu ditu AEBen esku hartzeak Venezuelan, eta, aldiz, ezkerrak gaitzetsi egin ditu erasoak.

Erasoak gertatu, bideoak sareetan hedatzen hasi eta berehala heldu dira lehen erreakzioak Hego Amerikatik. Kolonbiako presidente Gustavo Petrok elkartasuna adierazi dio Venezuelari, eta urgentziazko bilera bana exijitu dizkie Ameriketako Estatuen Erakundeari eta Nazio Batuen Erakundeari. Kolonbiako Segurtasun Kontseilua batzartu du Petrok, eta bi orduko bileraren ostean, laguntza militarra eskaini dio Venezuelari.

Evo Morales Boliviako presidente ohi eta buruzagi ezkertiarrak, berriz, salatu egin du Venezuelari eraso egin izana, elkartasuna adierazi dio herrialdeari, eta beste inork baino lehenago egin ditu errudun AEBak. Kubako presidente Miguel Díaz-Canelek, bestalde, AEBen "eraso kriminala" salatu du, eta nazioarteko komunitatearen "premiazko erreakzioa" exijitu. Txileko Gabriel Boric ere"kezkatuta" mintzatu da AEBen inpunitatearekin. Baita Brasilgo Lula Da Silva ere: "aurrekari izugarria" dela adierazi du, eta ezin dela besoak gurutzatuta geratu.

Irango Gobernuak ere mezua kaleratu du, NBEren printzipioak "nabarmen bortxatu" direla salatuta. Errusiak ere antzera, gaitzetsi egin ditu erasoak, eta NBE aipatu gabe, baina Kubaren bidetik, nazioarteko komunitateari "zentzuz" jokatzeko eskatu dio, elkarrizketaren lerroan. Txinak ere gaitzetsi du AEBen ekintza, Hego Amerikako eta Karibeko "bakea eta segurtasuna mehatxatzen" delako Venezuelaren "subiranotasuna bortxatuta".

Europar Batasuneko herrialdeak hotzago ari dira mintzatzen. Belgikak, esaterako, gertakari guztiak "gertutik" jarraituko dituela esan du, helburutzat duelako Venezuelan bizi diren belgikarrak zaintzea. Gauza bera Italiak, adierazita gutxi gorabehera 160.000 italiar bizi direla Venezuelan. Espainiako Estatuak, berriz, "indarkeriaren deseskalada" eskatu du, eta Europar Batasunak "modu bateratuan" erantzun behar duela defendatu.

Kaja Kallas Europako diplomazialariak, Atzerri Gaietarako arduradunak, ez du Maduroren bahiketa salatu, eta, kontrara, Maduroren eta bere gobernuaren "legitimitate falta" azpimarratu du, "Europar Batasunak makina bat bider esan duen bezala". Horrez gain, NBEren printzipioak bete egin behar direla esan du, agindua airera-edo jaurtituta, AEB aipatu ere egin gabe. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek, bere aldetik, "ezinegona" adierazi du, eta "aurrekari kezkagarria" ezartzen dela esan.

Eskuin muturreko Argentinako presidente Javier Mileik, bestalde, ospatu egin du AEBen esku hartzea, bereziki Maduro bahitu izana, "askatasuna aurrerantz" doanaren seinale delako. Ildo berean mintzatu da Espainiako Vox eskuin muturreko buruzagia ere. Israelgo Atzerri ministroak ere pozarren hartu eta "momentu historikotzat" jo du Maduroren bahiketa.

Venezuelaren erabateko kontrola hartuko dute AEBek, Maduro presidentea bahituta

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal