Etxebizitza eskubide unibertsalaren alde mobilizatu dira milaka pertsona Bilbon
Atzo, milaka lagun bildu ziren Bilbon etxebizitza eskubide unibertsala defendatzeko. Mota guztietako 220 eragilek babestu zuten deialdia. “Etxebizitza eskubidea bermatu. Negozioari ez” lelopean egin zuten manifestazioa, Moyua plazatik abiatuz Arriaga plazaraino. Oihu ozenak entzun ziren martxaren zehar, eta hauek errepikatu zituzten gehien: “Etxebizitzarekin negoziorik ez!”, “Zuen aberastasuna, gure miseria”, “Enpresariek eta errentistek gure soldata irensten dute” eta “Etxejabe arrazistak auzoetatik kanpora”. Manifestazioaren zehar antolatzaileek hainbat protesta ekintza egin zituzten ibilbidean zeuden bankuen eta erakunde publikoen egoitzen aurrean, hauek etxebizitzaren arazoaren parte bezala seinalatuz.
Amaierako ekitaldian etxebizitza sindiatuek argi utzi zuten etxebizitza eskubidea bermatzeko arazoaren erroa negozioa dela, eta ezingo dela konpondu negozio hori indartuz. Alde horretatik, gaineratu zuten eraikuntza ziklo berri bat abiatzea “banku, espekulatzaile eta eraikuntza enpresentzako” bazka dela. Azken asteetan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko arduradunek hainbatetan esan dute arazo nagusia eskaintza falta dela, eta deitzaileek salatu zuten hori gezurra dela. Bi arrazoi eman zituzten hori gezurra dela azaltzeko. Batetik, adierazi zuten inbertitzaile askok jo dutela etxebizitza sektorera, irabazi tarte handiak bermatzen dituelako, eta salatu zuten klase errentista eta espekulatzaile bat sortu dela. Bestetik, azaldu zuten Euskal Herrian milaka direla hutsik dauden edo helburu turistikoak dituzten etxeak, eta horiek logika kapitalistatik kanpo gizarteratuz lortuko dela konponbidea. Deitzaileek, baina, ez dituzte bide horretan ikusten alderdiak, “ez eskuinekoak, ez ezkerrekoak” zehaztu zuten. Etxebizitza legea jarri zuten eredu: “Ez ditu etxeak merkatzen, eta igoera mugatzeak motelago garestitzea baino ez dakar”. Halaber, egotzi zieten gizarte haserrea baliatzea etxebizitzaren negoziorako diru publikoa jartzeko.
Beranduago etxebizitza arazoaren hainbat problematika salatu zituzten. Besteak beste, adierazi zuten alokairuak soldatak baino aldiz gehiago igo direla azken urteetan, etorkinek galbahe arrazistak pairatzen segitzen dutela etxe bila doazenean, desjabetzeak eguneroko kontua direla eta kasu gehienetan pobreenek isilpean pairatzen dituztela, eta etxebizitza arazoa dagoeneko larrialdi bat dela eta urgentziazko neurriak behar direla.
Bukatzeko aurrera begirako dei bat egin zuten. Manifestazioan etxebizitza sindikatuek egin duten lana ikusarazi nahi izan zuten, eta “etxebizitza eskubide unibertsal gisa defendatuko duen mugimendu zabal bat gorpuzteko” garaia iritsi dela gehitu zuten.
(Irudia:EHESS)