Euskal Herri osoko lurraren defentsan Gasteizen


Euskal Herri osoko eragileak Gasteizen elkartu zituen EH Bizirik plataformak larunbatean, makroproiektuen aurka egin eta lurra defendatzeko. Traktoreek bidea zabalduta, euripean egin zuten Andre Maria Zuriaren plazarainoko bidea.
Lehenik, salatu zuten energia berriztagarrien ezarpenerako Lurralde Plan Sektoriala enpresarien interesen araberakoa dela. Gainera, euskal instituzioei leporatu zieten enpresen aurrean men egin izana, eta ez defendatzea herritarren beharrak.
Energia kontsumo eta ekoizpen ereduan fokua jarrita, kapitalismoa gainditzeko beharra aldarrikatu zuten, eta gogor gaitzetsi lurraren defentsan aritu diren ekintzaileek jasandako errepresioa, Aroztegia eta Marienia kasuak aipatuz, eta baita Araba Bizirik kolektiboko kideek jasotako zigorrak ere. Haien eskariak entzunak izan arte mobilizatzen jarraitzeko asmoa erakutsi zuten.