Euskal Herriko erdigunera mendi martxa 2015eko urriaren 11an
Irurtzuneko Iratxo mendi taldeak, Sakanako mendizaleak eta Independentistak sareak antolatuta Euskal Herriko erdigunera mendi martxa burutuko da urriaren 11an (igandea). Martxa hiru toki desberdinetik irtengo da goizeko 9:00etan: Irañeta, Ollo eta Unanutik. Hiru zutabeek bat egingo dute erdigunearen inguruan eta ekitaldi bat burutuko da 11:30tan mugarriaren ondoan.
Euskal Herriko erdigune geografikoa
Euskal Herriko erdigune geografikoa 2004an finkatu zuen Félix Isasak. Euskal Herria bere osotasunean kontutan hartuta burutu zuen azterlanaren emaitza izan zen. Andia mendilerroan kokatuta dago, Beriain mendi tontorretik nahiko hurbil. Olibesario sakonune edo saroian, 1236 metroko altueran. Leku izugarri ederrean.
Egin izan dira jadanik matxaren batzuk erdigunera, azkenengoa 2011ko urriaren 30ean egin zen eta Sakanako mendi taldeekin batera Independentistak sareak ere parte hartu zuen antolakuntzan. Deialdia arrakastsua izan zen eta parte hartu zuen jendea oso gustora geratu zen. Hala ere, gauza bat edo besteagatik, ez da berriro antolatu azken urteotan.
Mendi martxa berreskuratu dugu aurten, eta aurrerantzean urtero egiteko erronka hartu dugu antolatzaileok gure gain. Datozen urteetan Euskal Herriko mendi taldeen egutegietan data finko batekin mendi matxa hau kokatzen ahaleginduko gara.
Mendizaleen munduak antolatutako ekimena
Erdigunea mendilerro hain errefentzialean eta mendi inguru hain ederrean kokatuta egonik, mendi martxa da gure ustez egin daiteken ekimenik naturalena, eta mendizaleen mundutik antolatua, ezinbestez.
Euskal mendi taldeak eta mendizale jarduera beti izan dira oso herritarrak eta oinarri sozialean sustraituak. Aldi berean, gure mendi tontorrak euskal herritarren aldarrikapenen lekuko izan dira. Mendizaletasuna beti egon da euskal nortasunari, askatasunari, naturari, herri aldarrikapenei, ... loturik. Mendiak gure herriaren historiaren lekuko erraldoi isilak dira. Mendi tontorretatik jabetzen gara ama lurraren handitasunaz eta gure lurrarekiko loturaz.
Euskal Herriaren "lurraldetasunaren eguna"
Erdigunea bada, zerbaiten erdigunea da. Euskal lurraldeen erdigunea. Euskal Herriaren erdigunea. Lurraldetasunaren adierazgarri.
Zentzu horretan, mendi matxa hau "lurraldetasunaren martxa" eta "lurraldetasun eguna" bilakatzen joango litzateke urtetik urtera,: euskal lurralde guztietako jendea, Euskal herriaren bihotzetik, euskal lurralde osoari begira.
Egitaraua
9:00 Hiru zutabeen irteera Irañeta, Unanu eta Ollotik.11:00 Erdiguneko mugarrira iritsi.11:30 Ekitaldia: Musika; kantua; ordezkari desberdinek hitz-hartzeak; ...12:00 Itzulera. Zutabe bakoitza bere ibilbidetik.14:00 Irteera tokietara berriro iritsi.15:00 Bazkaria Irurtzunen.
Bazkaria Irurtzunen
Mendi martxan parte hartuko duten lagun guztiei egun osoa elkartasunean eta jai giroan igarotzeko aukera eskaintze aldera, bazkaria antolatu dugu Irurtzunen 15:00etan herriko karpan. Txartelak eskuratzeko:www.independentistak.eus webgunen eta 943 561 853 telefonoan.
ANTOLATZAILEAK: Irurtzuneko Iratxo mendi taldea · Sakanako mendizaleak · Independentistak sarea