lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 12/01/2025

Euskal Selekzioa Orain elkarteak biltzar nagusia egin du Makean

Julene Muruaga Hiriart
Frantzia edo Espainiarekin aritzeari uko egin dioten gazteak babestu ditu elkarteak, izan ere, hamabost jokalari kanporatuak izan dira Frantziako Federazioak proposatzen dituen formakuntzetatik.

Sortu berri duten Euskal Selekzioa Orain pilota elkarteko kideek lehen biltzar nagusia egin zuten atzo, Makeako ezkerparetan (Lapurdi). Aurkezpenak elkartearen abiapuntua markatu zuen: geroko zer gogo eta asmo dituzten azaldu zuten. Adierazi zuten Frantzia edo Espainiako selekzioekin jokatzea errefusatu duten gazteak babestu nahi dituztela, eta euskal selekzioaren formakuntza zentro bat sortu nahi dutela ere bai.

Iazko udan, Ipar Euskal Herriko hamabost bat pilotari elkartu ziren, eta uko egin zioten Frantziako selekzioan aritzeari. Erabakiaren berri emateko, agerraldi bat antolatu zuten Hendaiako Daniel Ugarte Beltzenia pilotalekuan, ekainaren 29an. Hortik, euskal selekzio bat sortzeko gogoa piztu zitzaien, eta Euskal Selekzioa Orain elkartea muntatu zuten azaro bukaeran.

Helburu nagusia dute euskal selekzio bat sortzea, zazpi probintziak elkartuko dituena. “Abenduaren 28an Euskadiko Selekzioaren ofizialtasuna onartu izana ikaragarria da, baina EAEtik kanpo garenek hainbat galdera ditugu oraindik. Nafarroakoak, Zuberoakoak, Nafarroa Beherekoak eta Lapurdikoak zer bilakatuko gara? Zein dira baldintzak?...”, adierazi zuen Amaia Larralde elkarteko bozeramaileak. Espero dute elkarrekin ahaleginak eginen dituztela Euskal Herria bere osotasunean hartzen duen euskal selekzio bat lortzeko, eta euskalduna sentitzen den oro Euskal Herriko koloreekin lehiatu ahal izateko.

Azpimarratu nahi izan zuten Frantziako selekzioari uko egin dieten jokalari gazteak kanporatuak izan direla Frantziako Federazioak proposatzen dituen formakuntzetatik; egoera salagarri zaiela jakinarazi zuen Eñaut Etxeberria Euskal Selekzioa Orain elkarteko kideak, baina, bestalde, onartzen dutela. Hortakotz, adierazi zuten bazterturik gelditu diren gazteak lehenbailehen babestu behar dituztela. Horren harira, formakuntza zentro bat sortu nahiko lukete, eta jokalariei kalitatezko entrenamenduak proposatu. “Hastapenean, pilotari guztiei irekia izanen da, eta ondotik, euskal selekzio bat balitz, sartzeko irizpideak hertsituko genituzke, selekzio bat muntatzeko”, esplikatu zuen Etxeberriak.

Baina, esplikatu zutenez, formakuntza zentro bat irekitzeko jende anitz behar dute, baita gauza gehiago ere: materiala, trebatzeko lekuak, entrenatzaile onak... Klubekin, elkarteekin eta instituzio politikoekin harremanetan sartuko direla erran zuten, ahal bezainbat laguntza eskuratzeko xedez. Euskal Herrian sare bat sortu nahi dute Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremana sakontzeko. “Herrialde osoa saretu behar dugu, eta ez bakarrik pilotariak, baizik eta jendarte osoa. Sare bat sortu behar dugu gizartean baliagarri den laguntza guztiarekin”, azaldu du Jon Larronde Euskal Selekzioa Orain elkarteko kideak.

Sentsibilizazioaren bidez, espero dute pilotari gazteak motibatuko dituztela, “euskal selekzioa haiek osatuko baitute baldin eta egun batez lortzen bada” bukatu du Etxeberriak.

Frantzia edo Espainiarekin aritzeari uko egin dioten gazteak babestu ditu Euskal Selekzioa Orain elkarteak

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal