lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 29/06/2024

Euskal Selekzioaren alde egin dute 50 pilotari baino gehiahok

La Haine - Euskal Herria
Agerraldi baten bidez, Euskal Herriari, ez zaiola aitortzen “selekzio propioa izateko duen eskubide kolektiboa” salatu dute pilotariak.

Gaur, Hendaiako (Lapurdi) Daniel Ugarte Beltzenia pilotalekuan, Espainiarekin eta Frantziarekin aritzeari uko egin dioten 50 pilotari inguru bildu dira, Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak deituta. Beraiekin batera hainbat lagun egon dira Beltzenian, “Ez Frantzia ez Espainia, gurea Euskal Herrikoa da!” zioen pankarta bati eutsita.

Agerraldian, egungo egoera azaldu dute. “Gaur egun, gure herriari, Euskal Herriari, ez zaio aitortzen selekzio propioa izateko duen eskubide kolektiboa. Horren ondorioz, oro har, euskal pilotariok nazioarteko txapelketa ofizialetan ezin dugu parte hartu Euskal Herriko selekzioarekin, eta, gainera, federazioen diziplina dela eta, txapelketa horietan parte hartzekotan, Euskal Herriak bereak sentitzen ez dituen koloreekin egin beharko genuke; hau da, Espainia eta Frantzia ordezkatuz”. Jarraian, berien aldarrikapenak zehaztu dituzte: “Gu, euskal pilotariak garenez, gure nazioaren koloreekin eta gure ereserkiaren doinupean lehiatu nahi dugula aitortzen dugu. Beraz, Euskal Herriko selekzioak nazioartean eta txapelketa ofizialetan parte hartzeko duen eskubide kolektiboan eta indibidualean oinarrituta, zazpi herrialdek osatzen duten Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen dugu”. Hala, haien erabakiaren berri eman dute. “Gu ez gara ez frantziarrak, ez espainiarrak sentitzen, euskal herritarrak baizik. Ondorioz, ekarpen pertsonal gisa aipatu bi selekzio horiei uko egitea erabaki dugula jakinarazten dizuegu”.

Bukatzeko eskerrak eman dizkiete erabakia errespetatu eta babesa ematera bertaratu diren guztiei, “harro sentitzen gara zuen presentziarekin”, esan diete. Deia egin dute ere bai. “Dei zabala egiten diogu hemendik pilota elkarte, federazio, pilotari, epaile eta euskal pilota maite duen orori elkarlanean egin ditzagun urratsak euskal gizartearen gehiengo handi batek aspalditik amesten duen euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortzeko”. “Gora Euskal Herriko euskal pilota selekzioa!” oihukatuz amaiera eman diote hitzartzeari.

Era berean, ekimenaren antolatzaileak, azken egunetan Euskadiko, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Iparraldeko pilota federazioek trabak jarri dizkietela salatu dute. Azaldu dutenez “federazioek esan digute gure gaia ez zutela sustengatzen, oztopo bat izan gintezkeelako Euskadikoa Nazioartekoan onartzeko bidean. Batez ere, Iparraldekoak jarri ditu oztopoak, ezetzaz harago, klub guztietara bere erantzun ezkorra zabaldu baitu. Helburua, pentsatzen dut, guri kalte egitea zela”.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal