Euskal selekzioaren alde, egun osoko egitaraua ospatuko da larunbatean Makean
Frantziar eta espainiar selekzioekin jokatzeari uko egiteko sortu zen, pasa den urte ondarrean, Euskal Selekzioa Orain elkartea. Bere lehen biltzar nagusia hasi berri den urteko urtarrilaren 11n, iraganen da, Makean. Hain zuzen, prentsaurreko formatuan iraganen da biltzarra. «Gure proiektuak eta helburuak zehaztuko ditugu eta bukaeran galdera saio bat izanen da», iragarri du elkarteak.
Horren osagarri, egun osoko egitaraua prestatu dute kideek. 10:30ean aipatu biltzar nagusia hasiko da ezker paretan, eta ondotik, 12:30ean Baigurako ikastolako burasoek antolatu bertso bazkaria izanen da. Menua 22 eurotan da, eta erreserbatzeko, mezua igorri behar da +33 (0)6 71 03 79 17 zenbakira.
Arratsalde osoan zehar haurrentzako herri kirolak proposatuko ditu Gaia elkarteak, eta 16:00etan, Pontx pailazoa igoko da eszena gainera. Pilota partidak ikusteko aukera izanen da ere. Izan ere, 17:00etan pala mixtoan arituko dira Bereau Lafitte eta De Paredes, Larralde eta Negueloua-ren kontra. 18:00etan, berriz, esku huska arituko dira Etxeberri eta Saint Paul, Ziarrusta eta Ugarteren kontra.
Eguna borobiltzeko, 19:00etatik aitzina, besta egiteko parada izanen da Makean, kontzertua eskainiko baitute Kalume, Xutik, Etxekalta, RTZ Kolektiboa, DJ Newhauz eta Jow taldeek.