lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 05/03/2025

Euskararen aurkako bi eraso izan dira azken egunetan

La Haine-Euskal Herria
Nafarroako Gobernuak uko egin dio zenbait errepide seinale ele bitan jartzeari. Bestetik, Bizkaiko Diputazioak hizkuntza eskakizunak apaltzeko asmoa du.

2009. urtean, herritar batek kexa jarri zuen Arartekoan, errepideetako seinaleetan “Francia” ele bitan jar zedin. Nafarroako Gobernuak ele bitan jarri zuen handik aurrera. Azken urte hauetan, ordea, Nafarroako Gobernua berriz ere hasi da “Francia” gaztelania hutsean jartzen, eta herritar batek berriz ere kexak jarri ditu Arartekoan, seinale horiek ele bitan jar ditzan. Nafarroako Gobernuaren erantzuna heldu da orain, eta honek adierazi duenez, ez dituzte seinaleak aldatuko.

Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Txibitek esan du gobernuak ez duela onartuko Arartekoaren gomendioa, eta erabaki horren oinarri eta heldulekutzat jo du Espainiako errepideen araudi teknikoa: “8.1-IC arauak dio atzerriko udalerriak idatziko direla espainolez soilik, forma horiek existituko balira; eta existituko ez balira, herrialde horretako hizkuntzan idatziko direla”.

Administrazioan Euskaraz Taldeak Oscar Txibiteren jokabidea kritikatu du, eta ohar batean adierazi duenez, Espainiako arau hori ez zen aplikagarria izango kasu honetan: “Arartekoak oroitarazi zion PSNko kontseilariari 8.1-IC arauak udalerriei egiten diela erreferentzia, eta ez herrialdeei. Beraz, Francia inskripziodun seinaleei ez litzaieke arau hori aplikatuko”. Urtarrilean ere salatu zuten Nafarroako Gobernuak uko egin ziola N-121 errepideko obretako seinaleak ele bitan jartzeari.

Bizkaiko Diputazioak hizkuntza eskakizunak apaltzeko asmoa du

Hizkuntza eskakizunetan atzera egitera erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak. Dirudienez, lan eskaintza publikoetan eskaintzen diren lekuen erdiei bakarrik ezarriko diete derrigortasun data. Erabaki hau “segurtasun juridikoaren” izenean hartu du Foru Aldundiak, izan ere, administrazio publikoko langileek euskararen ezagutza egiaztatze aldera ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako epaiak ugariak izan dira azken urteotan, eta lan eskaintza publiko asko atzerarazi dituzte, administrazio publiko gehienetan.

Hainbat udalek jaso dituzte tankera horretako ebazpenak, eta diputazioek ere bai. Bilboko auzitegi batek iaz ebatzi zuen, adibidez, “neurriz kanpokoa” zela euskara maila jakin bat eskatzea diputazioan administrari jarduteko lanpostuak egonkortzeko lan eskaintza publiko baterako; gazteleraz baino ez dakitenentzat “diskriminatzailea” dela ziurtatu zuen. Lan eskaintza publikoa 2021ekoa zen, 77 lanpostukoa; 71 lanpostutarako eskatu zuten euskara maila jakin bat. Aurten, urte hasieran, jakin da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin duela “neurriz kanpokoak” direla hizkuntza eskakizun horiek. Era berean, iaz urte hasieran jakin zen kolokan daudela Bizkaian 227 lanpostu, euskara eskakizunengatik. Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak ebatzi zuen lanpostuak egonkortzeko euskaraz jakitea eskatzeak “diskriminatu” egiten dituela gaztelaniaz baino ez dakiten langileak.

Orain arte, botere judizialak egin du administrazio publikoak euskararen alde bultzatutako neurrien aurka. Oraingo honetan, aldiz, administrazioak berak hartu du atzera egiteko erabakia.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal