"Ez dezatela saskibaloia erabili entitate genozidaren propaganda egiteko"

Atzo arratsaldean ehunka lagun bildu ziren Gasteizen, Hapoel Israelgo saskibaloi taldearen bisita salatzeko. Baskoniaren aurka jokatzera etorri zen, eta antolatzaileek salatu dute kirol ekitaldia "Israel erakunde terroristaren zuriketa" egiteko erabiltzen dela.
Iparralde gizarte etxetik abiatu da mobilizazioa, eta Katedral Berrian amaitu. Antolatzaileek adierazi dute azken hilabeteetan egindako presio sozialak eragina izan duela. Izan ere, "Baskonia talde sionisten aurkako partidak ate-itxietan jokatzera behartu dute", eta horrek erakusten du kirola "erakunde sionistak bere burua normalizatzeko tresna bat baino ez" dela, salatzaileen esanetan.
Manifestuan, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Baskoniako zuzendaritza seinalatu dituzte, bakoitza bere eskumenen arabera, Israelgo taldeei ateak zabaltzeagatik. Hala adierazi dute: "Ez dugu onartzen Israelgo Estatu terroristaren enbaxadore gisa jokatzen duten jokalariak Gasteizera etortzea".
Antolatzaileek gogora ekarri dituzte azken hilabeteetako mobilizazioak, hala nola Espainiako Itzulian talde israeldarraren aurkako protestak edo Gernikan Elitzur Ramla taldeak bertan jokatu ez izatea lortu zuen kanpaina. Nabarmendu dute "haien presentzia Euskal Herrian des-normalizatzea lortu" dutela.
Protesten aurkako errepresioa
Era berean, salatu dute mobilizazioen aurkako errepresioa areagotu dela: "Hamarnaka kide izaten ari dira auziperatuak eta isunduak", eta elkartasuna adierazi diete errepresioa pairatzen ari direnei. Palestinaren aldeko borrokak sionismoaren aurkako borroka izan behar duela gogorarazi dute.
Manifestuaren amaieran, Palestinarekiko elkartasuna berretsi dute eta borroka luzera begira mantentzeko deia egin dute: "Ezin ditugu onartu Israel normalizatzen duten ekimenak, ez Euskal Herrian, ez inon". Gainera, ohartarazi dute datorren apirilaren 7an Maccabi taldeak Gasteizen jokatzeko asmoa duela, eta mobilizazioak antolatzen jarraituko dutela partida bertan behera gera dadin.
"Ez dezatela saskibaloia erabili entitate genozidaren propaganda egiteko" - Gasteiz - Alea.eus







