lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 29/06/2026

Faxismoari erantzun kolektiboa emateko deia egin dute harrotasunaren egunean

Haize Oiartzabal Aizpuru
LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunean manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Milaka pertsonek parte hartu dute ekainaren 28an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egindako manifestazioetan. Hiriburuak ez ezik, herrietako kaleak ere ostadar koloreko banderez bete izana goraipatu du Ekainak 28 Koordinadorak: “Bereziki aipagarriak iruditzen zaizkigu Euskal Herriko hainbat herritan sortzen ari diren talde transmaribibolloak. Ezinbestekoa da herrietan ere borroka kuirrak zabaltzea, herriak disidenteontzat bizigarri izatea”. Hortaz, “hiri zein herrietan, harremanak eta sexualitatea nahi bezala bizitzeko moduak eta espazioak sortzen jarraitzea” aldarrikatu dute LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean.

Lortutako aurrerapausoak ospatzeaz gain, instituzioei, alderdi politikoei eta gizarte osoari interpelatzeko eguna ere izan da. Izan ere, Euskal Herriko mugimendu sozialek ohartarazi dute, eskuin muturreko eragileek hauspotuta, ideia faxistak normalizatzen ari direla, bereziki pertsona migratu eta arrazializatuen kontra.

Donostian, adibidez, ErreakZio faxistaren aurka, borroka transmaribolloa lelopean manifestazioa egin dute, eta ondorengo agerraldian Donostiako Ekainak 28 Koordinadorak (Asanblada Transbollomarika, Gipuzkoako Trans Asanbladak eta Ehgam), faxismoaren eta erreakzionarismoaren gorakadaren aitzinean, ezinbertzekotzat jo du “transfeministek beste borroka batzuekin aliantzak egitea”.

“Gure egin nahi ditugu Palestina, Libano, Venezuela, Kuba, Kongo, Kurdistan, Albania eta Saharako erresistentziaren aldarriak”, azaldu du E-28 taldeak. AEBetako eta Europako instituzioek zein enpresek Israelekin daukaten elkarlana etetea exijitu dute, eta baita Euskal Herrikoek ere, “bereziki CAFek": “Apartheidaren trenari ez. Israel, utzi gure izenean kolonizazioa zuritzeari. Genozidioa amaitu arte, transfeministok herrialde zapalduekin”.

Ekainak 28 Koordinadora: "Euskaraz bizi nahi dugu, heziketa transfeminista nahi dugu, eta ez gaituzte salaketa faltsuen bitartez isilaraziko”

Bernedoko udalekuei ere “babes osoa” adierazi nahi izan die E-28 taldeak: “Euskaraz bizi nahi dugu, heziketa transfeminista nahi dugu, eta ez gaituzte salaketa faltsuen bitartez isilaraziko”. Era berean, Global Sumud Flotillako kideei ere elkartasuna adierazi diete: “Salatzen dugu maiatzaren 23an Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako kideek jasandako biolentzia. Ondo dakigu hau ez dela kasu isolatu bat, poliziaren ohiko jarrera baizik”.

Bide batez, Ertzaintzaren “etengabeko presentzia itogarria” eta Donostiako Udaltzaingoak egiten dituen “operazio arrazista guztiak” kritikatu ditu E-28k. Horrekin lotuta, hainbat hiri eta herritan pertsona migratu eta arrazializatuen kontra egin diren “etxegabetze masiboak” salatu dituzte: “Etxebizitzak denontzat nahi ditugu, bizitzeko eta ez espekulaziorako”.

Bilbon, Pinkwashingari ez

Pinkwashinga ere jomugan eduki dute Bizkaiko hiriburuan. E-28 kolektiboak salatu du “instituzio batzuk, batez ere eskumatik datozenak, ekainaren 28ko espiritua asimilatu eta edukiz husten ari direla”. Haien iritziz, “ortzadarraren kolore hutsa hartu, eta aldarrikapena baztertu dute”.

Horren adibide garbiena da Bilbon ospatzen den Bilbao Bizkaia Harro ekinbidea. E-28 kolektiboak erabat arbuiatzen du jaialdi hori: “Urteak dira Bilboko Udala LGBTI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna turistifikatzen eta merkantilizatzen saiatzen ari dela, eta udalari gogorarazi nahi diogu Harrotasuna ez dela jai huts bat; borroka egun bat da”. Hortaz, “harrotasunaren espiritu aldarrikatzailea” berreskuratzeko deia luzatu dute, eta Kuir amorrua antolatu lelopean manifestatu dira Bilbon.

Iruñea transfeminista

Iruñeko Udalari ere badute zer kritikatu. Gaur eta beti orgullo antifaxista lelopean manifestazioa egin dute, eta salatu dute udalak kolektiboen jardun autogestionatuak Alde Zaharretik atera nahi dituela “bizilagunei ez molestatzeko”.

Transen aurkako diskurtsoak ere hedatzen ari direla gogorarazi du Iruñerria Transfeministak: “Eraso transfobo horietako asko TERF deitzen dieten pertsonengandik datoz; feminista erradikal trans baztertzaileak. Korronte honek trans pertsonak, bereziki trans emakumeak, ezeztatu, jazarri eta patologizatzen ditu”.

Gasteizen, hainbat borroka

Gasteizen, Autoritarismo arrazistaren aurrean kuir antolakuntza lelopean egin den manifestazioan hainbat kolektibok egin dute bat; hala nola, Lumagorrik, Eginaren Eginezek, EHE Euskal Herrian Euskarazek, Gasteiz Antirrazistak, Gasteizko Mugimendu Feministak, Sumud Flotilla Euskal Herriak eta Onekak.

Manifestazioa Gasteizen, Harrotasunaren egunean. Argazkia: PSE_EE Alava

EHEk aldarrikatu du zapalkuntzei eta olatu erreakzionarioari aurre egiteko bidea dela “euskaraz ikastea, bizitzea, maitatzea, kantatzea eta borrokatzea”; Onekak “askotariko, ageriko eta diskriminaziorik gabeko zahartzaroa” defendatu du; eta Eginaren Eginezek, berriz, erran du ez dagoela justiziarik “aniztasun funtzionala dugun pertsonok herritartasun osotik kanpo jarraitzen dugun bitartean”.

Gasteizko Mugimendu Feministak erran du “ertzetako bideak okupatzen ditugunon bizitzetatik” eraiki nahi dutela “mundu zaharraren alternatiba”; Sumud Flotilla Euskal Herriakoek azaldu dute Palestinako aktibistentzat genero eta sexualitate askapena ezin dela bereizi nazio askapenetik eta arraza justiziatik; eta Gasteiz Antirrazistak “arrazializatutako gorputz eta identitate disidente guztien erresistentzia” aldarrikatu du.

Baionan, irailerako

Ipar Euskal Herrian ez dute manifestaziorik antolatu, baina, Berria egunkariak jaso duenez, indarrak batzen ari dira irailean ekitaldi bat egiteko. Transfeministek kolektiboki antolatzea erabaki dute, uda ostean “Harrotasun erradikal bat” antolatzeko Baionan.

https://www.argia.eus/albistea/faxismoari-erantzun-kolektiboa-emateko-deia-egin-dute-harrotasunaren-egunean

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal