lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 01/12/2025

Frantziako estatuak soldadutza boluntarioa ezarriko du 2026ko udatik aurrera

La Haine - Euskal Herria
U14 kolektiboak salatu du neurria Frantziak bere menpe nahi dituen herrien “asimilaziorako tresna” bortitza dela, eta honen aurka antolatzera deitu du.

Soldadutza boluntarioa egiteko aukera izango da Estatu Frantsesean 2026ko udatik aurrera, pasasen ostegunean Emmanuel Macron presidenteak iragarri zuenez. Zerbitzuak hamar hilabete iraungo du eta, ondoren, boluntarioek soldadu profesional gisa jarraitu ahal izango dute Frantziako Armadan edo bizitza zibilera itzuli, baina azken kasuan erreserbista gisa geratuko lirateke. Hau da, horrek esan nahi du armadara deitu ditzaketela, egoki ikusten dutenean. Horrela, Eliseoko aurreikuspenen arabera, lehenbiziko saioan armadak 10.000 erreserbista izango lituzke eta 2035erako 50.000.

U14 kolektiboak salatu duenez, badira zenbait urte herritarren buruak gerraren ideiarekin betetzen hasiak direla: “ohitu gaituzte gerlaren gaiari eta ideiari ere, orduan ez da estonagarria soldaduskaren iragarpena, justuki, ez hain harrigarria izatea. NATOk defentsaren aurrekontuak emendatzeko agindua die estatuei, eta haiek jarraiki, jadanik direlako soldadu on, izan nahi ere. Errusiaren arriskua aipatzen digute aspaldi hontan, eta oroit! Bizirauteko kit batzuk etxera bidaltzekoak zizkiguten. Beldurraren politika deitzen zaio. Gerla iritsiko denetz, ezin jakin, baina dardarka menperaturik nahi gaituzte”.

Jarraian, adierazi dute autoritarismoaren taktikarik onena beldurra elikatzea dela, eta horrekin, herritarrei nahi dutena inposatzea lortzen dutela gehitu dute. Segidan, inposatzen ari diren gerra ekonomikoak kapitalismoaren aurpegirik itsusiena erakusten duela salatu dute, “diruaren eta boterearen zerbitzura edozer egiteko prest dena”. Hala ere, argi utzi dute gazteriak ez duela onartuko berriz ere sakrifikatua izatea, are gutxiago, beraiena ez den herri baten alde: “Frantziak zapaltzen gaitu eta asimilaturik atxiki nahi gaitu. Soldaduska berrezartzea bezalako neurriak Frantziak bere menpe nahi dituen herrien asimilaziorako tresna bortitza direla. Gerla garaian dena baitzaio zor patriari".

Beranduago, zalantzan jarri dute zerbitzu militarra "borondatezkoa" izango ote den, izan ere, gazteriari prekaritatea besterik ez zaio eskaitzen, eta soldaduskarena “opari bat bezala” aurkezten da. Kolektiboaren ustez, Frantziako “sentimendu nazionala” indartu nahi dute, eta honek, are zailagoa jartzen du nazio askapenaren eta askapen sozialaren alde borrokatzea: “nehoiz ez da zilegi haien begietan gure borroka; gerla garaian, are gutxiago. Eta horrek errepresio are bortitzagoa plantan ezartzeko aitzakia eskaintzen die, gainera”.

Hortaz, antolatzera deitu du U14 kolektiboak, eta gerraren arriskuez ohartarazi du: “Historiak erakutsi digu zertarako gai diren. Frantziaren kolonialismoak eta zapalkuntzak herri gutxituetan izan dituen ondorioak zerrendatzeko adibiderik ez da falta. Erraterako, Lehen Mundu Gerra gure herriarentzat eta gure hizkuntzarentzat zer nolako desmasia izan den argi dugu; asimilazio tresna ikaragarria, bortitza bezain eraginkorra”.

Azkenik, oraingoz soldadutza borondatezkoa den arren, etorkizunean derrigorrezkoa bihur daitekeela salatu nahi izan dute, eta horregatik erabat errefusatu dute.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal