Garratz Zabarte Arregi euskal preso ohia zendu da

Ekainaren 29an hil zen Garratz Zabarte Arregi euskal preso ohia, 80 urte zituela. Arrasateko Garratz baserrian jaioa, 1973an atxilotu zuten lehenengo aldiz ETAko kide izatea leporatuta, eta ordutik beste hainbatetan ere espetxean egon zen. ETAko kiderik bilatuenetako bat izan ondoren, 1984an Guardia Zibilak azken aldiz atxilotu zuen Hernanin, segada gogor baten ondorioz. ETAko kideak zeuden etxea lau orduz inguratu zuen Guardia Zibilak, eta amaieran granada bat jaurti zuen barrura. Juan Luis Lekuona “Kattu” eta Agustin Arregi “Txuria” bertan hil ziren, eta Garratz Zabartek tiro bat jaso zuen hankan.
Donostia komandoko kide izatea eta hainbat ekintzatan parte hartu izana egotzi zioten; guztira, 615 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 2013an atera zen behin betiko espetxetik. Aske geratu ondoren ere, hedabide espainiar eskuindarren jomugan jarraitu zuen: El Mundok elkarrizketa bat egin zion, eta kazetari probokatzaile ezagun batzuek ere jarraipena egin zioten bere herrian, Arrasaten. Horrez gain, familia kontuengatik Panamara egin nahi izan zuen bidaia ezin izan zuen amaitu; izan ere, 2014an hara iritsi bezain laster, hegazkin batean Madrilera itzularazi zuten.







