lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 30/06/2026

Gasteizko Alde Zaharreko familia bat etxegabetu nahi dute

Hala Bedi
Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak eta Ramon Bajo eskolako komunitateak bi adin txikiko dituen familia bat etxegabetua izateko arriskuan dagoela salatu dute.

Alde Zaharreko familia bat etxegabetua izateko arriskuan dagoela salatu dute Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak eta Ramon Bajo eskolako komunitateak. Bi adin txikiko dituen familia hamalau urte darama Nueva Fuerako etxe batean, eta 75.000 euro baino gehiago ordaindu ditu guztira errentan.

Azaldu dutenez, 2021ean familiak transferentzia bidezko ordainketa egitea eskatu zion jabeari, gastuen erregistro bat izateko. Honek eskaerari uko egin zion, eta handik gutxira etxegabetzea agindua jaso zuen familiak. Etxegabetzeen aurkako moratoriaren ondorioz, desalojoa urtero atzeratzea lortu zuten, 2025eko abendura arte. Prozesua maiatza hasieran berraktibatu zen, baina “auzo antolakuntzari” esker, etxegabetzea irailaren 25era atzeratzea lortu dute.

Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak etxegabetzeen aurkako moratoria eteteak milaka familia beren etxeak galtzera kondenatzen dituela salatu du. Gasteizen etxebizitzaren batez besteko prezioa 1.200 eurotik gorakoa dela ohartarazi du sindikatuak, eta horren ondorioz diru sarrera txikiak dituzten familientzat jasanezina da alokairua ordaintzea. Era berean, familia horiek preziotik haratago aurre egin beharreko oztopoak seinalatu dituzte, hala nola jasaten dituzten egiturazko trabak edo beren jatorriaren arabera pairatzen duten diskriminazioa.

Bestalde, Ramon Bajo eskolako komunitateak etxebizitzarako eskubidea bermatuta ez dagoen bitartean, hezkuntzarako eskubidea ezin dela bermatu adierazi du. “Ezin da haurren eta nerabeen ongizatea babestu etxegabetzeen aurka egin gabe”, azaldu dute Alde Zaharreko eskolako gurasoek eta irakasleek.

Auzoan Bizik komunitate politiko bat eraikitzen eta antolatzen jarraituko duela mahaigaineratu du, “etxebizitzaren desmerkantilizazioaren bidean”. Etxeko jabeari eta epaitegiari etxegabetze agindua berehala eteteko exijitu diote. Udala eta gizarte zerbitzuen papera salatu dute, eta bizitoki alternatiba duinak eskaintzea eskatu diete, “eta ez eraginkortasunik gabeko aldi baterako soluzio sinplistak.”

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal