Gaur egun duela 50 urte Guardia Zibilak Mikel Salegi erail zuen
1974ko abenduaren 18an, Guardia zibilek kontrola jarria zuten Usurbilditik Donostiarako bidean, Errekalde parean. Gau ilun eta euritsua zen. Salegik afaria zeukan lankideekin. Afaria amaitu ostean, hiru autotan abiatu ziren etxerako bidean. Lehenean zihoazenak geratu zituzten lehenik kontrolean. Abisatu zieten hiru auto zirela, eta autoaren marka, kolorea eta matrikula zenbakiak ere eman zizkieten. Lekukoek ez dakite azaltzen zergatik eta nolatan hasi ziren guardia zibilak tiroka hirugarren autoa azaldu zenean. Baina hala egin zuten. Autoak hogei zulotik gora zituen, eta Salegiri hemezortzi tiro eman zizkioten.
Tiroketa amaitu zutenean, poliziek lurrean zeuden balak jaso zituzten, frogarik ez uzteko. Eta joan egin ziren. Lankideek beste auto batean eraman zuten Salegi Donostia ospitalera.
Hurrengo egunean, agurrerako, Donostiako Koruko Andre Maria basilika jendez lepo zegoen. Bukatzean, Elizako ateak ireki zirenean, eskuin muturreko dozenaka pertsona eta polizia andana zeuzkaten kanpoan zain, lerrokatuta. Elizkizunera joandakoek handik pasatu beharra zuten irtengo baziren. Ateratzen hasi orduko, jendea gupidarik gabe jotzen hasi ziren. Salegiren ama ere bai jo zuten, eta Salegiren lankide batek esan zien hura ama zela, hura ez jotzeko, bera jotzeko. Lankide hura ere jo zuten; haurdun zegoen, eta umea galdu zuen.
Berrehun pertsona atxilotu zituzten elizkizunaren ostean. Haietako asko torturatu zituzten. Jende pila bat zauritu zuten, baina hamabi baino ez ziren ausartu osasun etxera joatera, bestela handik zuzenean espetxera joateko arriskua zegoelako.