Gaurko egunez, duela 50 urte, Guardia Zibilak Jesus Mari Markiegi "Motri" eusko gudaria erail zuen


1975eko maiatzaren 14an, goizaldeko seitan Guardia Zibilak pisu baten miaketa hasi zuen Gernikan. Atarira irten ziren jabeak, Iñaki Garai eta Blanca Salegi, eta Guardia Zibilarekin hitz egiten hasi ziren. Bitartean, ETA-ko bi militante, Jesus Mari Markiegi haietariko bat zelarik, leiho batetik alde egiten saiatu ziren, eta etxetik irtetean Guardia Zibilen teniente batekin topo egin zuten, tiroak elkar gurutzatu ondoren tenientea hilda gertatu zen eta bi gazteak zaurituak.
Gazte batek Ajangiz mendira jo zuen eta bestea Gernikako hiri barnerantz abiatu zen. Azken honek alde egitea lortu zuen, baina ez lehenengoak.
Guardia Zibilen tenientea Bilboko hospitalera igorri zuten, eta orduan jazo zen egun horretako lehen erailketa: Iñaki Garai eta Blanca Salegi tiroz hil zituzten zibilek. Gorbernuaren bertsioan ez da gehiagorik adierazten tiroketa bat gertatu zela baino. Bainan jakina da Iñaki eta Blanca armarik ez zituztela eta ordurako atxilotuak zeudela, horregatik esaten da Guardia Zibilak buruturiko exekuzio bat izan zela.
Bi ordu beranduago, zortzi t'erdiak aldera, Jesus Mari Markiegi aurkitu zuten zibilek Ajangiz aldeko baserri batean. Jesus Marik, zauriturik, laguntza eskatu zuen Mendieta auzoan eta bertako txabola batean gorde zen. Guardia Zibilek topatu eta metrailatuz erail zuten. Jesus Marik 20 urte zituen eta bere gorputzari 40 balatik gora sartu zizkioten. Laguntza eskaini eta zauriak osatzen lagundu zizkien auzokideak atxilotuak eta torturatuak izan ziren.