Gaurko egunez duela 88 urte nazien Kondor Legioako hegazkinak Gernika bonbardeatu zuten


1937ko apirilaren 26a zen, Espainiako Gerra Zibilean, Gernikako hiriak faxisten partetik hegazkin-erasoa pairatu zuen. 88 urte pasa dira ordutik. Hitlerrek Francoren armadari laguntzeko bidalitako Luftwaffe nazien Kondor Legioako eta italiar faxisten Aviazione Legionariako hegazkinak Gernika(Bizkaia) ia guztiz suntsitu zuten. Lau orduko bonbardaketa izan zen. Eraikinen %1a baino ez zen zutik geratu. Ondorengo gerretan hain ugariak izango ziren zibilen sarraskien saiakera izan zen. Azken ikerketen arabera, hildakoak 2000tik gora izan ziren.
Kondor Legioa guztiz armada frankistaren aginduetara zegoenez gero, bonbardaketa egiteko agindua Salamancako Espainiako armada frankistaren kuartel nagusiak eman zion Wolfram Freiherr von Richthofen oberstleutnantari telegrama baten bidez. Mendebaldeko herrialdeen begietara, Gernikakoa Luftwaffek egin zezakeen terrore bonbardaketaren adibidea izan zen, eta halako ekintzak egiteko prestatuta zegoelako froga zen.
1937an bertan, gertaera lazgarri hura gaitzat hartuta, Pablo Picasso margolariak Gernika margolana egin zuen, urte hartako Parisko erakusketa unibertsalean gerren zentzugabekeria mundu osoari erakusteko.