Gixuneko ospakizun batean, jendarme batek eta bere lagunak adierazpen faxistak egin dituzte

Duela gutxi, Gixuneko(Lapurdi) Jai Batzordeak "flete bleu" bat antolatu zuen, hau da, Frantziaren eta Ingalaterraren arteko partidaren testuinguruko ospakizun bat. Bideo bat dabil zirkulatzen ospakizun horren harira, non bi pertsona ageri diren pozarren diskurtso identitario, arrazista eta bortitzak zabaltzen. Horien artean, identifikatutako figura bat dago: Tulleko eskola militarrean trebatutako jendarme bat, baita herriko jai batzordeko kide den beste gizon bat ere. Argi eta garbi entzuten da jendarmeak esandakoa: bere lagunak (bideoan lehen agertzen denak) dio "hiru 'bougnoule' harrapatu ditu", eta jendarmeak erantzuten dio: "horrek hiru arabiar gutxiago esan nahi du!". Lehen agertzen den gizonak amaieran oihukatzen du: "Vive la France! Heil!", eta ondoren agur hitleriarra egiten du.
Ez da gizon honek izan duen jarrera faxista bakarra, izan ere, harro erakusten du sare sozialetan muturreko eskuin neo-naziko orri eta taldeekin duen lotura, hala nola "LaBastideBordelaise" edo "Nomadscodesud" motozale taldea, zeinen ikurra SS-aren Totenkopf (garezurra) den.
Informazio Antifaxista taldeak bideoa zabaldu du sare sozialetan eta irmotasun handiarekin gaitzetsi egin ditu Gixunen gertatutako ekintzak. Taldearen ustez, jendarmez eta "schtroumpfettez" mozorrotutakoen itxurazko umorearen atzean, jokabide oso kezkagarriak ezkutatzen dira. Era berean, argi utzi du ez dituela onartuko "tabernako agur naziak" ezta indarkeria arrazistarako deiak ere: “Euskal Herria lur antifaxista da eta izango da. Ez dago lekurik faxistentzat, uniformearekin edo gabe”.







