lahaine.org
Nacionales E.Herria, Euskal Herria :: 04/05/2024

Gizon batek bere bikotekidea erail du Donibane Lohizunen

Berria/La Haine
Apirilaren erdialdean ere atxilotu zuten gizona, emakumea hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren, gizonezkoarengandik ihesean ari zela.

Emakume bat hilda aurkitu zuten atzo Donibane Lohizuneko hotel batean (Lapurdi). Sud Ouest egunkariak argitaratu duenez, andrearen bikotekidea atxilotu dute. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak baieztatu du ikerketa bat abiatu dutela, aldez aurretik prestatutako hilketa bat izan ote den argitzeko. Emakumeak 33 urte zituen.

Sud Ouest-ek adierazi du Ziburuko eraikin batetik jausi zen emakume bera dela gaur hilda aurkitu dutena. Apirilaren erdialdean gertatu zen hori, eta larri eraman zuten ospitalera. Hotel bateko bosgarren solairutik erori zen emakumea bere bikotearengandik ihes zebilenean. Orduan ere atxilotu zuten gizon. Egunkariak adierazi zuen gizona jadanik «begitan» zuela Poliziak, indarkeria matxistagatik. Bi egunez galdeketapean izan ondoren, aske utzi zuten, zaintzapean.

Hamar egun geroago, prokuradoreak «hilketa saiakeragatik» abiaturiko ikerketa aurrera zihoala esan zuen, zuhurki, «eta oraindik itxi gabea» zela.

Zauri larriak izan zituen apirilean emakumeak; besteak beste, gerrialdean. Ospitalean, hil edo bizi egon zen. Medikuek koma artifizialean izan zuten, garuneko kalteetatik babesteko. Handik bi egunera lortu zuten emakumea egonkortzea eta bizirik mantentzea. Geroztik, galdekatu ahal izan zutela esan zuen prokuradoreak, baina ez zutela ezer argirik atera.

Ospitalean egon zen emakumea, joan den asteazkenean desagertu zen arte. Argitu gabe dago zer gertatu den bi egun horietan, baina, Sud Ouest-en arabera, gizonezkoa hotelean egon da. Hotel de Parisen, hain zuzen, eta gizonak berak deitu du Polizia. Emakumearen gorpuak zauri handia du buruan, eta Polizia gertatutakoa ikertzen ari da. Hotelera bertaratu dira, baita Jean-François Irigoien Donibane Lohizuneko alkatea ere.

Hilketa matxista honekin, 2003tik Euskal Herrian hil duten 119. emakumea da.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal