lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 20/09/2025

Gudari Egunaren harira, ekitaldi politikoa antolatu du JARKI antolakunde iraultzaileak

La Haine - Euskal Herria
Antolakundeak adierazi duenez, irailaren 27a "ez da oroitzapen edota garai zehatzetako urtemugak gogora ekartzeko data", baizik eta “aurrera eraman dituzten borrokak geure egitekoa".

Irailaren 27an da, Gudari Eguna. Duela 50 urte izendatu zuten egun hori, ETAko kide Angel Otaegi eta Juan Paredes Manot Txiki fusilatu zituztenean. Haiekin batera, FRAP Frente Revolucionario Antifascista y Patriotako hiru militante ere fusilatu zituzten Cerdoya del Vallesen (Herrialde Katalanak). Txiki, Otaegi, Sanchez Bravo, Baena eta Garcia Sanz izan ziren Frankoren diktadurapean fusilatu zituzten azkenak.

Irailaren 27an, ekitaldi politikoa antolatu du JARKI-k hildako gudariak omentzeko. “Borran bizi dira” goiburuarekin ekitaldia izango da 12:30etan Arrasateko Monterron parkean.

Antolakunde iraultzaileak ohar baten bidez adierazi duenez, irailaren 27a "ez da oroitzapen edota garai zehatzetako borrokak eta urtemugak gogora ekartzeko data", baizik eta: "Euskal Herriaren alde edozein garaitan inoiz eta inon dena eman duten guztiak gogora ekartzekoa, batik bat, aurrera eraman dituzten borrokak geure egitekoa". Baita gehiago ere: "Euskal Herri langileak nazio eta klase zapaldutzat estatu zapaltzaileekiko aurrera daraman borrokak berresteko eta aurrekoen lekukoari heltzeko prestutasuna aldarrikatzekoa".

Bide horretan, azaldu du zapaltzaileen eta zapalduen historia ez dela luma beraz idatzia: “Ez da amankomuna, ezta partekatua ere, batak besteari inposatua baizik. Etsaiak ez baitu inoiz onartuko bere izate zanpatzailea, ezinezkoa zaiolarik horrela berea baino ez den egia onartzea”. Antolakundearen ustez, zapaltzaileek gogor joko dute zapalduen egiaren aurka, honek "bere izatea eta jazarpena agerian uzten dituen heinean”. Ildo horretan, salatu du frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herri Langilearen egiaren aurka jotzen dutela, “hau kriminalizatzeko eta desagerrarazteko xedearekin”.

JARKI-ren iritziz, “zapalduon errelatoa hauek ezkutuan eta lotsatuta eraman beharreko zama” bilakatu nahi dute, baina erresistentzia eguntzat ere badu Gudari Eguna antolakundeak, "estatuek inposatutako errelato eta errealitatearekiko apurketa agerian uzteko borroka" datatzat.

Antolakundeak adierazi duenez, Gudari Eguna ez da oroimen eta aldarrikapen egun hutsa. Horrela definitu du: “estalpeko errelatoa kalera atera, Euskal Herriaren askapenaren alde dena eman dutenen borroka lehen lerroan jarri eta honen zilegitasuna zein zuzentasuna mahaigaineratzen duen intsumisio” ariketa bezala. Era berean, Gudariak definitu ditu “zapalkuntzaren eta injustiziaren aurrean indibidualismoa alboratuta eta konpromiso nahiz eskuzabaltasun kolektiboa oinarri, konpromiso politikoak gidatutako borroka eta erresistentziaren ikur” bezala.

Antolakundaren arabera, "eguneroko borrokaren bitartez eraikiz doa etorkizuneko Euskal Herria", eta egungo "zapalkuntzei aurre eginez gauzatuko da Euskal Herri independente eta sozialista". Hori erdiesteko, gainera, uste du ez dagoela "instituzio arrotzetan eta eraikin publikoetan presente egon beharrik, kaleetan Euskal Herri langileak ehundu eta biziko duen errealitatea" behar dela iritzita.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal