Hainbat ekintzaile atxilotze arriskuan, Espainiako Vueltako protesten harira


Espainiako Vuelta Nafarrotik pasa zenean “Israel Premier Tech” taldeari boikota egitearen akusaziopean hainbat pertsonen aurkako prozesu judiziala ireki dela salatu dute. Foruzaingoak deklaratzera deitu baditu ere “desobedientzia zibilerako eskubidea erabiliz” uko egin diote zitazioari eta ez dira aurkeztu polizi etxean. “Hori dela eta, edozein unetan atxilotu eta epaiketara eramanak izan gaitezke, erregimen sionistarekiko konplizitate instituzionala gero eta nabarmenagoa eta lotsagarriagoa egiten den testuinguru batean”, ohartarazi dute.
Ekintzaileek "hipokritatzat" jo dute Nafarroako Gobernuaren jarrera, eta "moral bikoitza" izatea egotzi diote, polizia-jarduera horiek baimentzeagatik. Bereziki, Maria Chivite presidentearen jarrera gaitzetsi dute: "ezin da kufiya batekin argazkian pausatu, palestinarren genozidioaren aurkako protesta kriminalizatzen den bitartean".
Boikot kanpainetan parte hartzen duten pertsonen aurka irekitako kausa guztiak berehala artxibatzea eskatu dute auziperatuek. Horrekin batera, Israel Premier Tech taldearen izen eta jabe aldaketa "herri mobilizazioaren lorpena" dela aldarrikatu dute. Oharraren bukaeran argi mintzatu dira polizia-etxera deitutako ekintzaileak: "ez dugu onartuko pertsona bakar bat ere jazartzea Israelgo Estatua salatzeagatik. Ez dugu onartzen ez epaiketarik, ez isunik, ez inolako errepresiorik elkartasunez eta justiziaz jokatzen dutenen aurka. Ez dugu atzerapausorik emango ".
Palestinarekin Elkartasuna plataformak "erabateko elkartasuna eta babesa" adierazi die ikertutako pertsonei, baita BDZ Nafarroa kolektiboak ere. Horrez gain, atxiloketak edo zitazioak ugarituz gero, protesta mobilizazioak deituko dituela iragarri du Palestinarekin Elkartasunak, eta protestengatik zigor ekonomikoak jaso dituzten pertsonei dei egin die plataformarekin harremanetan jarri eta isunen aurrean erantzun kolektibo bat koordinatzeko.