lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 02/12/2011

Hamaika arrazoi kaleak betetzeko

Beñat Zarrabeitia
Laster gurekin izango ditugulakoan, besarkada eta muxu bana kartzelan edo deserrian daude euskal preso eta iheslari guztiei.

Bost minutu baino gutxiagotan irakurtzeko testu bat idatziko dut. Izan ere, hori baita egunero euskal preso politikoek dei bat burutzeko duten denbora tarte murritza. Zenbat historia eta bizipen helarazi daitezkeen hain denbora laburrean. Segundoek eskuetatik ihes ez egiteko, zehatza izango naiz, urtarrilaren 7an Bilbon euskal presoen eskubideen alde burutuko den Herri Mobilizazio Orokorra kolosala izango dela diodanean.

Egin Dezagun Bidea ekimenak Joseba Sarrionandia euskal idazle eta iheslari politikoaren liburu batetik hartu du kanpaina honen lelo nagusia. Handitasuna, emozioa, beharra, sentsibilitatea, anbizioa… hainbat elementu nahasten dituen leloa da. Borobila da, hainbat baitira Bilbon etorkizuneko historia liburuetan lekua izango duen protesta antolatzeko motiboak.

Bai, hamaika arrazoi daude kaleak bete eta Bilbo kolapsatzeko. Euskal Herriak aro politiko berria bizi du, itxaropen eta aukerez beteriko abagunea, baina oraindik ere bada milaka eta milaka herritarron samina eragiten duen gairik. Indarrean dagoen espetxe politika ankerra, horietako bat da. Sakabanaketak bere horretan dirau eta astebururo ehunka senide eta lagunek euren bizitzak arriskatzen dituzte. De facto Bizi Osorako zigorra aplikatzen dute 197/2006 doktrinarekin eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ez dituzte askatzen. Horrekin batera, espetxe barruan, ziega ilunetan, oraindik ere hamarnaka eskubide urraketa ematen dira eta isolamendua, bakartzea, jipoiak, miaketak edo presioak eguneroko ogi gogorra dira euskal presoentzat. Egoera oso larria da, berehala konpondu beharrekoa.

Horregatik, urtarrilaren 7an denok dugun zer esan eta zer egin. Bilboko kaleak bete behar ditugu, inoiz egin den mobilizazio erraldoiena osatuz, elkartasun uholdea irudikatuz. Gure eskuetan dago eta guk dugu giltza. Bai, erabakiak Madrilen eta Parisen hartzen dira, baina gu herriz herri bilgune ireki, berritzaile eta parte hartzaileetan inplikatuz, indarrak bilduz, eragiteko metodo berriak topatuz eta jarrera dinamiko eta positibo batekin, ekarpen handia egin dezakegu. Bada garaia konponbideari ateak ireki eta eskubide urraketei ateak ixteko. Espetxe politika iraganeko argazki zaharra bihurtzeko, urtarrilaren 7an Bilbon elkar ikusiko dugu. Kolosala izango da, ez izan zalantzarik!

Laster gurekin izango ditugulakoan, besarkada eta muxu bana kartzelan edo deserrian daude euskal preso eta iheslari guztiei.

Beñat Zarrabeitia, kazetaria eta Egin Dezagun Bidea ekimeneko kidea

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal