Hamahiru pertsona etxegabetu dituzte Bilbon


Atzo goizean hamahiru pertsona etxegabetu zituzten Abandon(Bilbo), tartean bi adin txiki eta haurdun dagoen emakume bat. AZET etxebizitza sindikatuak salatu duenez, iruzur baten biktima izan dira, eta ez zuten etxegabetzearen berri izan atzo polizia etxean agertu zen arte. Une horretan jarri ziren harremanetan etxebizitza sindikatuarekin. Honek azaldu duenez, lau urte baino gehiago eman dute bertan bizitzen eta atzora arte alokairua ordaintzen egon dira. Hala ere, instituzioetatik ez dute inolako alternatibarik jaso, ume txikiak dituen bikotea salbu. Familia honi egun gutxi batzuetarako hostala eskaini diete. Horrelako egoerak egunero ematen direla Bilboko auzoetan salatu du AZET-k, “etxegabetzeak etenda daudela sinestarazten diguten bitartean”. Azkenik, etxegabetzeen aurka borrokara batzera dei egin du sindikatuak.