"Hemen inposatutako hizkuntza bakarra gaztelania da"
Oreretako Euskaltzaleon Pizkundeak deituta 400 lagun inguru elkarretaratu dira CCOO sindikatuak Errenteria-Oreretan duen egoitzaren aurrean.
Dozenaka eta dozenaka lagun atera dira kalera atzo arratsaldean euskara babestera, hauspoa ematera, hura erasotzen ari direnei aurre egitera. Oreretako Euskaltzaleon Pizkundeak deituta 400 lagun inguru elkarretaratu dira CCOO sindikatuak Errenteria-Oreretan duen egoitzaren aurrean. Izan ere, eta Argia-ren ikerketak agerian utzi duenez, sindikatu hori dago Errenteriako Udalak antolatutako Lan Eskeintza Publiko deialdiari hizkuntz eskakizunarengatik jarritako helegitearen atzean.
Ahoz aho ibili da bildutakoen artean ikusia zegoela oldarraldia antolatuta zegoela, taldea behar zuela atzean. Agerian utzi du Argia-k, eta haserrea, eta egonezina kalera atera du euskararen defentsa egiteko herritar andanak. Eskaera CCOOri: eten dezala euskararen kontrako kanpaina, bertan behera utz dezala oldarraldia.
Euskal Herrian Euskaraz antolakundearen bandera ugari gaurko protestan, eta pankartan lelo argia: CCOO Euskararen aurkako erasorik ez! Hartzaileak, mezua jaso dezan behar da orain.
Protestaren bukaerako irakurraldian nabarmen jarri dute 1960. hamarkadan hilzorian zegoen euskara pizkunde batek salbatu zuela, bizirik ekarri gaur egunera, “ahalegin, esfortzu, izerdi, malko eta maitasun guztiarekin eskuratutako lorpena, gure aurrekoena”. Oraindik ere, baina, asko behar duela euskarak, hori errealitatea, egoera arruntera iristeko: “Bizirik iraun badu, ez da soilik zekitenek erabili zutelako; zekitenek, erabili, defendatu, egituratu, batu, landu eta merezi duen lekua lortzeko egindako ahaleginari esker izan da. Eta ez zekitenek ikasi, erabili, errespetatu, maitatu, transmititu eta defendatu dutelako ere”.
PSE-EE eta bere adierazpenak ere hizpide gaurko protesta handi horretan. Izan ere, hizkuntza eskakizunak inposizio direla esan duela jarri dute nabarmen, “euskara inposizioa dela?”. Argi erantzun diote: “Hemen inposaturiko hizkuntza bakarra gaztelania da. Gaztelania delako hizkuntza pribilegiatu, pribilegiatuen hizkuntza”. Arduragabekeria eta linguizidioa egotzi dizkiote alderdi sozialistari, eta gaineratu, hori egiten duenak ezin duela euskararen alde egon.
Errealitatea aurrez aurre jarri dute, eta gogorarazi Errenteria-Orereta Gipuzkoako herri erdaldunenetako bat dela, Donostia, Irun eta Lasarterekin batera, “Donostian baino erabilera apalagoa du euskarak hemen. Baten bat sentitzen da harro horretaz? Gu ez!”. Errenteriako Udalean gertatutakoari, eta azken urteetan EAEko beste hainbeste administrazioetan egindako lan publikoko hautaketa prozedurei testuingurua jarri diote eta horretarako Asisko Urmenetaren hitzak baliatu dituzte. Alegia, ez dela hizkuntza bat galtzen ez dakitenek hitz egiten ez dutelako, “haren likidazioa programaturik duten bi estatu etsairen makinariak hiztunak isilarazten dituelako baizik”.
Bukatzeko, antolatzeko deia egin dute, “haiek antolatu dira, beraz gure esfortzuak handitzeko garaia da. Euskarak etsai gogor askori aurre egin dio. Egingo dugu beste behin. Gaur izan dadila hasera berri bat. Pizkunde berri bat Oreretan”. Txalo artean bukatu dute protesta bildutakoek.
"Hemen inposatutako hizkuntza bakarra gaztelania da" : Oarsoaldeko Hitza







