Herrerako pabiloi batean bizi ziren 30 pertsona inguru kale gorrian utzi dituzte

Martuteneko Agustindarren egoitzarekin gertatu zen moduan, Herrerako Zardoya Otis eremuan dauden eraikin eta pabiloi guztiak hustu nahi ditu Donostiako Udalak, kasu honetan, etxebizitzak egiteko. Lehen eraikina, Jolastokietako 4. pabiloia, gaur goizean hustu du Ertzaintzak. Furgoi eta ibilgailu ugari mobilizatu dituzte, eta agenteek jendearen joan-etorria kontrolatu dute. Azkenean, eraikin horretan bizi ziren 30 pertsona inguru kaleratu dituzte. Desalojoaren harira, hustu duten eraikinaren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek, negu gorrian Udalak dozenaka pertsona kale egoeran utzi dituela salatzeko.
Hainbat eragileek prentsaurreko baten bidez salatu zutenez, Herrerakoa ez da kasu bakana: “Donostian gero eta ohikoagoa da etxegabetzeak modu azkar eta isilean gauzatzea, pertsonen egoera soziala edo ekonomikoa kontuan hartu gabe, eta benetako alternatibarik eskaini gabe”, azaldu zuten. Gaineratu zutenez, etxegabetze data jarrita zegoela argudiatuta, han bizi diren pertsonei ez diete doako justizia eskatzeko aukerarik eman.
Zardoya eremuan dauden bost eraikinak kaleratzeko aginduaren zain daude, eta horrek lehenago edo beranduago 200 pertsona inguru kale egoeran gelditzeko arriskua suposatzen du, inolako alternatiba errealik gabe. Prozesu judiziala duela urtebete hasi zen eta datozen hilabeteetan amaitzea espero da. Herrerako eremu osoan eraikinak jabe ezberdinen esku daude. “Jabe hauek ez dute inolako arazorik izan bertan bizi diren pertsonak kaleratzeko, eta argi geratzen da etxebizitza negozio huts gisa ulertzen dutela, pertsonen bizitzen gainetik”, kritikatu zuten.
![]()
Bestalde, kaleratze honetan, Poliziak Donostiako Udalaren “konplizitatea” duela ohartarazi zuten: “Polizia indar ezberdinen elkarlanaren bidez kanporatze aginduak emateko, dokumentazioa errekisatzeko eta, azkenean, kanporatze prozedurak eragin ditzaketen tramiteak abiarazteko arriskua dago. Eta hori, sistematikoki jasaten duten indarkeriaren aurpegi bat besterik ez da”.







