Herri palestinarra eta bere erresistentziarako zilegizko eskubidea babestu dute Gasteizen


Gasteizen manifestazioa egin dute igandean, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek, “Eutsi, Palestina! Israel suntsitu! Palestinar erresistentzia aurrera” lelopean.
Manifestazioaren bukaeran salatu dutenez, “etengabeko bonbardaketa handien eta Gazako ia lurralde osoaren setioaren ondoren, Israel bere helburua gauzatzen ari da: aurreko aste hasieratik hasitako lurreko erasoen bidez Gazako hiriburua erabat suntsitzea du helburu. Tankeek kaleetan aurrera egiten duten bitartean, Gazako biztanleak etxeak uztera eta hegoaldera joatera behartuta daude. Eta hor ere, ez dute beraien bizitzak babesteko lekurik aurkituko”.
“Israelgo erregimen koloniala Palestinako biztanle guztiak akabatzeko planarekin aurrera doa. Eta plan hori Palestinako lurralde osoan egiten ari da, bai Gazan, baita Zisjordanian ere. Izan ere, lurralde osoa anexionatzeko aurrerapausoak ematen ari da, iparraldea eta hegoaldea bereiztea helburu duten koloniak eraikitzeko asmoz” gehitu zuten.
Palestinarekin Elkartasunak, Israelekin "edozein konplizitate mota duena" kritikatu zuen. "Finantzatzen duena, laguntzen duena, armatzen duena eta negozioa egiten duena ere genozidioaren konplizea da", azpimarratu zuen plataformak. Era berean, salatu zuen “estatuek ez dutela ezer egiten” eta ustezko ordezkari politikoek adierazpen “lotsagarriak” egiten dituztela, “bi estatuetan oinarritutako konponbidea defendatzen”.
Segidan, herriaren jarrera txalotu zuten: “Herriak kaleak hartu ditu, presioa jartzen, boikota egiten, errepideak mozten, portuak eta unibertsitateak geldiarazten, Gazarantz joaten, potentzia kriminal horren normalizazioa salatzen eta Palestinako herriari benetako elkartasuna adierazten”.
Bukatzeko, Global Sumud Flotillaren ekimena babestu zuten eta urriaren 4an Iruñean egingo den manifestazio nazionalean parte hartzera deitu zuten.