Hiru ertzain ikerketapean daude, Etxarri II Gaztetxearen desalojoan bi gazte jipoitzeagatik

Ertzaintzako hiru agente ikertu gisa deklaratzera deitu dituzte Bilboko Epaitegian, Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea desalojatzean atxilotutako gazteei emandako tratu txar eta erasoengatik. Lehen agenteak joan den astean deklaratu zuen, eta beste bi ertzainak ostegunean joan ziren epailearen egoitzara. Hala ere, bertan behera geratu zen hitzordua.
Iazko apirilean, Errekaldeko Etxarri Gaztetxea desalojatu zuten, eta gaztetxeari babesa adieraztera bertaratu zen jendearen aurka gogor egin zuen Ertzaintzak. Poliziaren jardunak hainbat zauritu utzi zituen; tartean, Iker Arana gazteak barrabil bat galdu zuen foam bala baten ondorioz.
Etxarri Gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez, beste bi zaurituk ere salaketa jarri zuten Ertzaintzaren aurka, tratu txarrak egotzita. Azaldu dutenez, atxilotuta zeuden bitartean ertzainek jipoitu egin zituzten. Gazteek jasandako zaurien mediku-txostena aurkeztu ondoren, epaileak salaketa izapidetzea erabaki zuen eta hiru ertzain ikertu gisa deklaratzera deitu ditu.
Gaztetxetik jakinarazi dutenez, bi gazte horietako bat polizia-furgoneta barruan jipoitu zuten, eskuburdinak jarrita zituela. Gainera, salatu dute ez dagoela atxiloketaren grabaziorik, nahiz eta ertzain guztiek gorputz-kamerak zeramatzaten. Zauritutako gaztearen testigantza, ordea, bideo batean jaso dute.
Gaztetxeko kideen ustez, bi gazteek atxilotu ondoren jasandako jipoia poliziaren jazarpenaren adibide garbia da. Halaber, Ertzaintzaren inpunitatea agerian uzten duela azpimarratu dute, ez baitago atxiloketaren ondorengo gertakarien grabaziorik edo bestelako frogarik.
Horregatik, erantzukizunak eskatu dituzte: alde batetik, gazteak jipoitu zituzten ertzainentzat; eta bestetik, gaztetxearen aurkako polizia-dispositibo handia bultzatu zuten arduradun politikoentzat. Gogorarazi dute, gainera, gaztetxea zegoen eraikina hutsik dagoela ordutik.
Amaitzeko, azken hilabeteetan Ertzaintzaren errepresio eta jazarpen kasu ugari izan direla nabarmendu dute, baita gazte antolatuen aurkako kriminalizazioa ere. Horren aurrean, poliziaren inpunitateari aurre egiteko eta gaztetxeak defendatzeko beharra aldarrikatu dute.







