lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 14/01/2026

Ipar Euskal Herriko ikasleei ukatu egin diete Baxoa eta Brebeta euskaraz pasatu ahal izatea

La Haine - Euskal Herria
Azterketak frantsesez egitera behartuak izango dira beste behin, baita aurten berria den matematika proba aurreratua ere.

Ipar Euskal Herriko ikasleek urteak daramatzate unibertsitatera igaro ahal izateko azterketa edo bigarren zikloa amaitzerakoan “ezagupen maila neurtzea” xede duen azterketa ikasketak egin dituzten hizkuntza berean, euskaraz alegia, egiteko eskubidea aldarrikatuz. Hala ere, ikasturte honetan ere, ikasleek baxoa eta brebeta frantsesez egin beharko dutela baieztatu du Frantziako Hezkuntza ministroak, baita aurten berria den matematika proba aurreratua ere.

Astelehenean bildu ziren Parisen Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek eta Frantziako Asanblea Nazionalean ordezkaritza duten euskal hautetsiek Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroarekin, eta horrek adierazi die prest dagoela datorren ikasturtetik aurrera euskararen aipamena jasoko duen baxo eredu bat abian jartzeko, baina ikasturte honetan ez dela aldaketarik egongo, azterketen hizkuntzari dagokionez. Alegia, aurten ere azterketak frantsesez egitera behartuak dira Ipar Euskal Herriko ikasleak, iazko moldea errepikatuko dela argi utzi baitu ministroak.

Aspaldiko aldarria da Seaskan ikasleek baxoa euskaraz egiteko aukera izatea, eta Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioaren esanetan, azken hilabeteetan egindako lanaren ondorioz badaude aurten bertan azterketak euskaraz egiteko baldintzak. Hori dela-eta, argi utzi dute ez daudela erabakia onartzeko prest: “Argi eta garbi adierazi nahi dugu inposizio berri honi ezetz erranen diogula”. Bide horretan, urtarrilaren 24an egingo duten protestan parte hartzeko deia egin dute: “Euskaltzale, familia eta hautetsiei galdegiten diegu data hau agendan atxiki dezaten”.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal