Ikurriña eta Palestinako bandera debekatu nahi dituzte AEBko Idaho estatuan

AEBetako Idaho estatuan euskal jatorriko biztanle asko bizi dira, eta Boiseko hirian Jaialdia ospatzen dute diasporako euskal nortasuna aldarrikatzeko. Halako ekitaldietan, noski, ikurrinak protagonismo berezia izaten du, eta ohikoa izan da Boiseko udaletxean jartzea. Orain, ordea, hori debekatzeko egitasmoa abiatu dute Idaho estatuko Ordezkarien Ganbaran.
Aferaren jatorria ez dago alderdi errepublikanoak, Donald Trump presidentearen alderdiak, ikurrinarekiko berezko aurkakotasuna izatean. Lauren McLean Boiseko alkate demokratak LGTBIQ+ bandera udaletxean jartzea erabaki zuen, eta horrek haserrea piztu zuen Trumpen aldekoen artean. Ondorioz, eraikin ofizialetan zein bandera jar daitezkeen zehaztuko duen legea sustatzen hasi ziren. Testuinguru horretan, trumpistek ez zuten soilik LGTBIQ+ bandera jomugan jarri, baizik eta bestelako ikurrak ere. Horien artean dago ikurrina; izan ere, Ted Hill hautetsi errepublikanoak bultzatutako egitasmoak haren debekua ere aurreikusten du.
"Estatu bateko bandera ez denez, ez da egokia ikurrina eraikin ofizialetan jartzea. Palestinako bandera jartzea ere ez litzateke zilegi", adierazi zuen Hillek egitasmoari buruzko eztabaida batean. Halaber, "ikurrina legez kanpokoa da Espainian", esan zuen, eta gaineratu zuen helburu nagusia bandera bakar baten azpian batasuna lortzea dela, horretarako AEBetako bandera erabiliz. Horrez gain, Hillek adierazpen polemikoak egin zituen, ikurrina "bandera iraultzailea" dela esanez. "Euskal Herrian egona naiz, eta denbora luzea eman nuen han. ETA bazegoen, eta ikurrina zen erabiltzen zuten bandera", adierazi zuen.
Idahoko errepublikanoen egitasmoak ikurrina eta Palestinako bandera debekatzea aurreikusten du. Proposamenaren arabera, eraikin ofizialetan jarri ahal izango diren bandera bakarrak hauek lirateke: AEBetako bandera, Idaho estatukoa, armadaren bandera ofizialak, onartutako jatorrizko herrien banderak, hirikoak eta konderrikoak.
Hasiera batean, Idahon euskal komunitateak duen garrantzia kontuan hartuta, errepublikanoek ikurrina baimendutako banderen artean sartzea aztertu zuten; azkenik, ordea, aukera hori baztertu eta debekuaren alde egin zuten. Egitasmoaren arabera, ikurrina edo debekatutako beste banderaren bat jartzen bada, eguneko 2.000 dolarreko isuna ezarri ahal izango litzateke.







