Indar errepresiboek 29 urteko gazte bat erail dute Santurtzin
Udaltzaingoak atxilotu eta bi egunera hil da ospitalean. Hauek taser pistola hainbat alditan erabili zuten.
Ander S.T. 29 urteko gizonezkoa zendu da asteazken honetan, ospitalean, bi egun lehenago Santurtziko (Bizkaia) Udaltzaingoarekin liskarra izan ostean. Imanol Urrutxua Segurtasun zinegotziak baieztatu du indar errepresiboek taser pistola erabili zutela “erasotzailea mendean hartzeko”. 50.000 volteko deskarga elektriko bat egiten dute arma horiek, deskarga jasotzen duena zenbait denboraz geldi-geldi uzteko. Arma «ez-hilgarri» gisa kalifikatuta badago ere, Amnesty Internationalek argitaratutako txosten baten arabera, 2001 eta 2012 bitartean gutxienez 500 pertsona hil zituen poliziak AEBetan arma hori erabilita.
Euskal Herrian, 2018ko urrian, Baionako ospitalean hildako gazte baten senideek salatu zuten taser pistolaren ondorioz hil zela. Euskal Irratiek senideen bitartez jakin zutenez, Poliziak arma horiek baliatu zituen atxilotzeko unean, eta gazteak bihotzekoa izan zuen. Hiru egunez koman egon ondoren hil zen Bader Idrissi. Franziako Poliziak ez ezik, Ertzaintzak ere baditu pistola elektrikoak, 2017ko martxotik, suzko armen erabileraren "alternatiba" gisa. Euskal Herriko hiriburu batzuetako udaltzainek ere badituzte taser pistolak: Iruñeko Udaleko Hiri Segurtasuneko alorrak 2022ko abenduan jakinarazi zuen udaltzainek taser pistolak erabiliko zituztela; Donostiako Udaleko Tokiko Gobernuak, berriz, 2025eko abenduan onartu zuen arma horiek erabiltzea. Udalerriei dagokienez, Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia) egin bezala, Santurtziko Udalak 2023an erosi zituen lau pistola taser, ia 9.000 euroren truke.







