Sakanan, indar errepresiboen zuriketa salatzeko kanpaina abiatu du ASKE-k

ASKE antolakundeak ekimen berria jarriko du martxan Sakanan(Nafarroa), indar errepresiboen zuriketa salatzeko. Antolakunde antirrepresiboak ohar baten bidez azaldu duenez, azken urte hauetan, Sakanan ez ezik, Euskal Herri osoan ere hainbat dira indar errepresiboen zuriketa ahalbidetzeko martxan jarritako ekimenak eta hartutako neurriak. Horren ondorioz, adierazi du hainbat direla polizia nazionalerako zein foralerako oposaketak prestatzen ari diren sakandarrak. Segidan, militarrerako prestaketa prozesuan murgilduta dagoenik ere badadela salatu du. ASKEentzat, egoera honek ondorengoa suposatzen du: “Euskal Herriaren jazarpena eta okupazioa ahalbidetzen duten borreroek gure artean gaur egun lortu duten normalizazio graduaren erakusgarria besterik ez da”. Gauzak horrela, antolakundeak honako galdera hauek egin ditu: “Zer suposatzen du indar errepresiboen existentziak? Zein da euren xedea? Zeinen interespean dihardute? Nola ematen ari da euren zuriketa?”
Jarraian, galderak erantzuten hasi da. Lehenik eta behin, azaldu du indar errepresiboek, “estatuaren beso armatua diren heinean”, honen interesei erantzuten dietela. Zentzu horretan, argi utzi du estatuek eskura dituzten baliabide errepresibo guztiak baliatzen dituztela “deseroso edo mehatxutzat hartzen duten edozein pertsona eta antolakunde politiko” deuseztatzeko bidean. Antolakundearen arabera, euren “orden soziala”-ren aurka doala deritzoten oro dute jomugatzat, “honen aurka gogor joz”. Bide horretan, alienazioa Euskal Herri Langilearen “zapalkuntza nazional eta sozialean inpunitate osoz sakontzen jarraitzeko arma garrantzitsua” bihurtu dela ohartarazi du.
Ondoren, Euskal Herri Langileak pairatzen duen “zapalkuntzaren kontzientzia” hartu eta honi aurre egiteko antolatzen hasten den unean, txakurrak izango ditula parez pare salatu du; “frantziar eta espainiar estatuen interesak babestea eta bermatzea baita euren funtzio eta betebeharra”. Antolakunde antirrepresiboaren iritziz, “kapitalaren bakea kolpez eta izuz” inposatzea da indar errepresiboen egitekoa, eta “Orden sozial" horretatik kanpo dagoen oro kriminalizatu eta zigortuko dute beti. Horren harira, argi utzi du ez dagoela Euskal Herriko langileen aldeko polizia onik, “azpiratzen gaituztenen aldeko morroi leialak” baizik.
Beranduago, sakandarrek pairatzen duten errepresioa normalizatzeari uko egin dio: “Zenbat izan dira jazartutako sakandarrak? Zenbat dira egunero txakurren jarraipenen bitartez kontrolatuak izaten ari diren militanteak? Zenbat mehatxu, kolpe eta isun baliatu dituzte gure aurka? Bi hilabetez txakurren 291 kontrol baino gehiago izan ditugun eskualdean argi baitago, euren presentzia egoera normal baten ezaugarria izatetik urrun, erroko arazo baten adierazlea dela”. Zentzu horretan, adierazi du zenbait sakandarrek polizia eta militar izateko hartutako hautua, “etsaiak baliatzen duen jazarpen eta zapalkuntza” oro birproduzitzeko prestutasunaren adierazlea baino ez dela. Horregatik, hautu hori “indibidualismoa eta interes ekonomikoak bultzatutako jarrera berekoi eta mertzenario” bat bezala seinalatu du.
Egoera honen guztiaren aurrean, ASKE-k ezinbestekotzat jo du amnistia mugarri duen proiektu politikoa gorpuztu eta borrokan murgiltzea: “Amnistia ez baita preso politikoen askatasuna aldarrikatzera mugatzen. Amnistia borrokara eramandako arrazoien gaindipenari zuzenean heltzen dion kontzeptua da, Euskal Herri Langilearen borrokaren zilegitasuna oinarri duena. Ere horretan, independentzia eta sozialismoaren helburuak bermatzeko mugarria da, Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza nazional eta sozialarekin amaitzeari bidea ireki behar diona”. Bide horretan, kontzientzia hartzera deitu du: “ez dezagun etsaiaren iruzurrak eta gezurrak irentsi, gauzak garbi, txakurrak beti txakur eta hauen eskutik datorrena, jazarpena eta beste ezer ez!”







