Baigorriko atxiloketen inguruan
Argi da espaniar eta frantziar estatuek ETA erakundeak martxan jarritako armagabetze prozesua oztopatu eta blokeatu nahi dutela.
Polizia frantsesak, espainiar poliziarekin batera, ETA erakundeko Iratxe Sorzabal eta David Pla ETAko kideak atxilotu ditu, Baigorrin. Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, bi militanteekin batera etxean zeuden beste bi lagun ere atxilotu dituzte.
Gaurko eraso honek uztailean Ipar Euskal Herrian burututako beste polizia operazioa dakarkigu burura. Operazio hartan, bi kide atxilotu eta etxearen jabea zen Graxi Etxebehere ere atxilotu zuten, hainbat herritar gogor jipoitu ostean.
Argi da espaniar eta frantziar estatuek ETA erakundeak martxan jarritako armagabetze prozesua oztopatu eta blokeatu nahi dutela. Etsaiek beren gerra estrategiarekin aurrera jarraitzen dute, horrela, Euskal Herrian gogoz borrokatzen dugun justizia eta bake eszenatokia lurperatu nahian. Gaurkoa bezalako erasoek agerian uzten dute Madril eta Parisko bulegoetatik gatazka politikoa betikotzeko egiten duten apustua, Euskal Herrian konponbidearen alde urratsak ematen dihardugun bitartean. Bi militante hauen atxiloketa gainera ez da kasualitatea. Desarmean buru belarri dabiltzan kideak izanik, desarmearekin bukatzeko helburu argia dauka.
Konponbide prozesuak aurrera egiteko ezinbestekoa da herritarrok ikusle izatetik subjektu aktibo izatera pasatzea. Ortzaizen emandako operazioan atxilotu zuten Graxik honela esan zuen: "desarmatu nahi duen talde bat lagundu dut". Jarrera horretatik ikasgai argia ateratzen dugu, herritarron konpromesua eta babesa beharrezkoa dutela blokeatu nahi duten prozesuak eta horren alde urratsak ematen dabiltzanek.
Gure Herriaren askatasuna lortzeko ezinbestekoa da gatazka politikoaren erroetara jotzea, herri honi dagokion eskubidea errespetatzea. Askatasunaren aldeko gaudenok norabide horretan jarraitu behar dugu borrokan, bidean ezartzen dizkiguten trabak herritarron indarraz gaindituz.
Gauzak horrela, kalera irten eta prozesua bultzatzeko deia egiten diogu gazte orori. Zentzu horretan, atxiloketak salatzeko eta atxilotuei babesa emateko egingo diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.







