lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 29/01/2014

Irriaren indarra

Fontso Cantera Herrán
Idoyaren alaitasunaren arrazoien bila ibili ostean, oharkabean, gazte honek irri egiteko motibo bat baino gehiago bururatu zait.

Egunerokoan bizi ditugun emozioek bizkortu egiten gaituzte, biziaren motorra elikatzen duten erregaiak bailira. Labeko alarmak, pastelaren egosketa tenperatura puntu egokira iritsi dela abisua ematen digun bezalaxe, emozioek gure barne ongizate emozionalari buruzko tenperatura neurtzen duten adierazleak dira. Barne emozioei kasu apur bat egitea nahikoa da, nola sentitzen garen ezagutu eta horren arabera jokatzeko. Gainera emozio bakoitzak bere kanpo adierazlea egokitua izan ohi du, horrela triste gaudenean malkoak isurtzen ditugu, haserre gaudenean giharrak tenkatzen zaizkigu… Eta nola ez, pozik gaudenean irri egiten dugu!

Baina zenbaitetan emozio adierazleek ez doaz gertakariekin bat eta kontraesankorrak izatera iritsi daitezke. Horixe bera gertatu zait niri larunbat eguerdian ertzainek bortizki atxilotu zuten Idoya Iragorri gaztearen kasuan. Ezkerraldeko egitasmo komunikatibo baten partaide naizen aldetik, behin baino gehiagotan gurutzatu naiz Idoyarekin ezkutuan izan den azken hilabeteetan eginiko agerraldi publikoetan. Aurpegian uneoro mantendu izan duen irria izan da gehien harritu nauen adierazleetako bat. Elkarrizketetan, ekimen kulturaletan, hitzaldietan… guztietan irria jantzita ikusi dut sestaoar desobedientea. Orduan, segituan zalantza sortzen zitzaidan esparru arrazionalean: “Ba al dauzka ezkutuan hainbeste denbora ibili den pertsona batek alai egoteko arrazoirik?” “Nola demontre egokitu daitezke une eta espazio berean tentsioa eta alaitasuna?”, are gehiago orokorrean emozioen esparrua hain espontaneoa eta gardena dela jakinda.

Idoyaren alaitasunaren arrazoien bila ibili ostean, oharkabean, gazte honek irri egiteko motibo bat baino gehiago bururatu zait. Orain badakit Idoyaren irria ez dela jarri eta kendu daitekeen “pin” horietako baten modukoa. Irri horrek islatzen duen indarra ez da edonolakoa eta beldurra zein amorruari aurre egiteko tamainako bizkortasuna eskaini dion “osagarri bitaminikoa” dela uste dut. Borrokaldian zehar, atxilotu duten unerarte lagun eta senideen erabateko sostengu eta berotasuna izan du Idoyak. Ezkutuaren iluntasun eta isolamenduan egonik ere, agerraldiak burutu dituen une bakoitzean herritar ugariren besarkada eta hitz gozoek elikatu dute gaztea. Buruturiko adierazpenetan behin baino gehiagotan aipatu bezala, herritar ugarik beren etxeetako ateak parez pare zabaldu izanak ere (horrek dakarren konpromiso maila eta arriskua kontuan hartuta) alaitzeko arrazoi indartsua izan da ezbairik gabe.

Baina Idoyaren irriak seguruenik, izango du bere ekimenaren oinarri errebeldean zutaberen bat kokatua. Aurrean etsai indartsu bat izateak eta egunak pasa ahala, bere errepresio sistemaren atzaparretatik ihes egiteko gaitasuna erakusteak, barregarri eta ezgai usten du Estatua eta desobedietzia eremu guztietan indarrean jarri daitekeen borroka molde eraginkorra izan daitekeela erakusten du aldi berean. Bistan da makina bat arrazoik marraztu diezaoketela irria Idoyari. Pentsatzen jarraituz, besterik ere topa dezakegu. Maiz aipatu du gazte honek ez duela ezer ezkutatzeko, ezta espainiar epaileekin inolako konturik argitu behar. Ondorio logikotzat hartu du Idoyak azken hilabeteetan buruturiko borrokaldia. Eraldaketa politiko eta sozialak bultzatu zuen sestaoarrak borroka egitera eta horrek eraman du beste behin ere Estatuaren aurrean planto egitera. Beste era batean esanda, gure bizi helburuekin bakean egoteak, pentsatzen dugun eta egiten dugunaren artean koherentzia mantentzeak irri egiteko bideak zabaltzen dizkigu ezbairik gabe.

Ildo horretatik beste batzuek pentsatu beharko lukete bateragarria ote den egun batean bakea, konponbidea eta giza eskubideen aldeko deialdietan parte hartzea eta hurrengo egunean polizia autonomiko astoratua gazte desobedienteen kontra bidaltzea. Zilegia ote den egun batean Gandhi goraipatzea eta hurrengoan gazte desobedienteen eta bere lagunen kontra neurririk gabeko indarkeria basatia baliatzea. Horixe izan baitzen larunbatean ikusi izan genuena, ertzainen doako indarkeria (ostikadak, borrazoak, ukabilkadak, atxiloketak…) babesgabetutako herritarren kontra lehertua. Gutxitan ikusi izan dut larunbatean bezalako polizi interbentzio batean, gorroto bizian murgildutako bere menpeko agenteak kontrolatu ezinean dabilen polizi arduraduna. Nork babestu behar gaitu herritarrak holako basapiztietatik?

Orain Idoya, ziega ilunen batean imajinatzen zaitut. Lasaialdian, metatutako hainbeste tentsioa askatuz, agian lotan, edo agian zure pentsamendu desobedienteetan murgilduta… Baina harro eta aurpegia puntatik puntara zeharkatzen dizun irria piztuta. Bada, eskerrik asko irri egitearen indarra erakusteagatik. Zoragarria zara neska.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal