lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 12/03/2025

Iruñeko Udalak ez du euskarazko eredua eskaintzen duen Haur Eskola gehiago irekiko

Euskalerriairratia
“Hitz politekin apaindu duten akordio honek hiritarron hizkuntza eskubideak urratzen ditu”, salatu dute euskararen aldeko hainbat eragilek.

Joan den astean EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekinek Iruñeko haur eskoletan euskarazko 102 plaza gehiago eskaintzea adostu zuten, “euskararen eskaintza hirian zehar zabalduz”. Iruñeko Euskalgintza eragileak egin duen irakurketaren arabera berriz, “euskara Mendebaldea eta Donibane auzoetara zabalduko litzateke, baina murgiltze eredurik ez. Beraz, euskarazko benetako eredua eskaintzen duen Haur Eskola bakarrarekin jarraituko dugu, orain arte bezala”. Era berean, kolektiboaren aburuz “Donibanen sortzear dagoen Haur Eskolan ere euskarazko murgiltze eredua eskaintzeko aukera galdu dugu, honela, auzo berean bi haur eskola egonen dira, bata gaztelaniaz eta bestea gaztelaniaz eta euskaraz”.

Ohar bidez zabaldu duenaren arabera, onartu du akordioa aurrerapausoa dela, baina zoritxarrez, euskaldunon urteetako borrokak bide luzea du oraindik ere egiteko”. “Berriro ere eskaintza eta merkatu arauetan kokatutako erabakia. Oker handia, izan ere, administrazio publikoen egitekoa da parametro horietatik aldentzea, eta, horretarako, berebiziko garrantzia du auzo guztietan gutxiagotutako hizkuntza eskaintzeak. Horrelako neurriekin ez gara euskara sustatzen ari, eta, inondik inora ekitate neurriak ezartzen ere”.

Halaber, Iruñeko Euskalgintzaren ustetan, “hezkuntzaren oinarriak gizarte justuago eta berdinzaleagoa eraikitzea izan behar dira. Proposamenak egiten direnean, ez dira betikotu behar ez eskaera indibidualak ez datu soziolinguistikoak ere. Izan ere, horrek suposatzen baitu injustiziak eta hizkuntza minorizatuak legitimatzea”.

Iruñeko Udaleko PSNko bozeramaile Marina Curielen adierazpenak ere kritikatu dituzte: “Familien aukeratzeko askatasuna aipatzen du, baina aldi berean askatasun horri mugak jartzen dizkiote, euskarak auzo guztietara iritsi gabe jarraituko baitu. Familiek auzoko eskaintzarekin konformatu beharko dute, eta euskarazko eredurik izan ezean, kilometroak egiten segituko dute euren seme-alabak euskaraz matrikulatu ahal izateko. Modu honetan, hitz politekin apaindu duten Udal akordio honek, hiritarron hizkuntza eskubideak urratzen ditu”.

Kolektiboaren ustetan ere “Politika egokiak egin behar dira, haur eskolen arazoarekin hizkuntza politika egin behar da. Ez egitea ere politika da. Utzi euskara kriminalizatzeari, euskara zokoratzeari, hiritarron hizkuntza eskubideak urratzeari, eta zabaldu, behingoz, euskara Iruñeko auzo guztietara”.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal