Israelek Al-Hudaidako portua bonbardatu du Yemenen
Israelgo hegazkinek Al-Hudaida (Yemen mendebaldea) bonbardatu dute larunbatean, gutxienez 3 hildako eta 87 zauritu larri utziz. Zauritu gehienek erredura larriak dituzte, Al-Hudaidako petrolio-deposituen eta planta elektrikoaren kontra egindako erasoaren ondorioz. Horrekin batera, Israelgo bonbardaketak erregaia eta gasa deskargatzeko kaia, erregaia biltegiratzeko tankeak eta edukiontziak mugitzeko martxan zeuden bi garabi bakarrak harrapatu dituela jakinarazi dute portuko iturriek.
Yemengo huthien Kontseilu Politiko Gorenak ohartarazi duenez, gogor erantzungo diete Israelek Al-Hudaidako portuaren kontra egindako erasoei. "Eraso basati honek Yemengo herriaren eta bere Indar Armatu ausarten determinazioa, erresistentzia eta babesa areagotu ditu", esan du Mohamed Abdulsalam Ansarula huthien alderdiko bozeramaileak. "Yemengo herria, Allahri esker eta Allahren laguntzarekin, erronka guztiei aurre egiteko gai da, zapaldutako Palestinaren eta Gazako herriaren garaipena lortzeko, munduan den kausarik bidezkoena", adierazi du.
Libanoko Hezbollah-ren ustez, Israelek Yemenen aurka egindako erasoa "etsai sionistak arduragabekeriaz hartutako neurria da", eta "eskualde osoan garrantzi handiko konfrontazio fase berri eta arriskutsu baten hasiera" ekarriko du. Hala adierazi du Yemen, Irak eta Palestinarekin batera Israelen aurkako Erresistentzia Ardatza osatzen duen Libanoko taldeak. Era berean, berretsi dutenez, "Yemengo herriarekin guztiz bat egiten dugu bere burujabetzaren eta jarrera heroiko eta historikoaren defentsan, bai eta Palestinarekin, bere herriarekin eta bere erresistentziarekin ere".