Jardun Koordinadorak Euskalduntasuna eta Arrazakeria hitzaldiak antolatu ditu EHko zenbait txokoetan


Jardun Koordinadorak “Euskalduntasuna eta arrazakeria” hitzaldiak antolatu ditu Euskal Herriko zenbait txokoetan. Atzo dozenaka lagun bildu ziren Donostiako hitzaldian eta gaur Bilboren txanda da. Bilboko hitzaldia La Bolsan izango da, arratsaldeko 19:30etan. Bi egun beranduago, hilaren 11an, Hendaiako Enbata gaztetxean arituko dira Jarduneko kideak, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Ondoren pintxoak eta etxeko garagardoa izanen da. Apirilaren 14an, Gasteizen egongo da saio bat, Halabedi tabernan. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Bukatzeko, apirilaren 29an, Iruñeko La Urbana tabernan eskainiko dute hitzaldia, arratsaldeko 19:00etan.
Hitzaldiak, azken hilabeteetan “Euskal Herrian ematen ari den diskurtso eta tendentzia arrazisten gorakadaren aurrean, Euskal Herriko langileok gaia eskatzen duen sakontasunez landu eta honen aurrean hartu beharreko posizio politikoa mahai gaineratzeko” baliatuko dira, azaldu dute antolatzaileek. Era berean, honako galdera hauei erantzuten saiatuko dira ekitaldietan: “nolako erronkak ditu nazio zapaldu eta ukatu batek globalizazio kapitalistan bizirauteko? Arrazismoak Euskal Herrian nolako aurpegiak ditu? Inperialismoak eragindako migrazio fluxuekiko zein proposamen politiko daude? Zein paper du klase eraikuntza nazionalean biztanleria migratzaileak? Euskalduntasunak zeri egiten dio erreferentzia?”.