JARDUN koordinadorak Gernikan ospatuko du 2026ko Aberri Eguna

JARDUN koordinakundeko kideek agerraldia egin zuten, atzo goizean, Gernikan, 2026ko Aberri Eguna aurkezteko. Apirilaren 5ean Gernikan (Bizkaia) biltzeko deia egin diete Euskal Herriko langileei, eta "Askatasunaren bidean, borrokak darrai" izango da aurtengo mezu nagusia.
Seber Altube Auditorioan egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez, Aberri Eguna aldarrikapenerako eguna izango da, “borrokan berresten den eta Euskal Herri Langilearen proiektu politikoa” plazaratzeko aukera gisa ulertuta. Koordinadoratik nabarmendu dute askatasuna egunerokoan balioan jarri eta eraiki beharreko zerbait dela, eta ohartarazi dute “Frantziako eta Espainiako estatuen menpe” egoteak Euskal Herriari oraindik egiteko bide “luzea” uzten diola aurrean: “Nazio gisa ukatua eta klase gisa zapaldua da Euskal Herriko langileria. Bi estatu horien menpe eta haien borondatearen arabera bizi gara”.
Halaber, Frantziatik eta Espainiatik “ez dagoela ezer eraikitzerik” salatu dute, estatu horien markoek eta instituzioek “dena ondo lotuta” mantentzen dutelako. “Haiek dira zilegitasunaren zaindari eta lege zein arrazoiaren jabe bakarrak. Ukatzen gaituztenek zehazten dute zer den zuzena; zapaltzen gaituztenen arabera erabakitzen da zer den onartezina eta zer den okerra" JARDUNeko bozeramaileek estatu horiek baliatzen dituzten “inposizioa eta jazarpena” ere gaitzetsi dituzte.
Segidan, ordenaren izenean, estatuok Euskal Herriko herri eta kaleak indar okupatzailez beteta dituztela salatu dute. Egoera horri erantzuteko edozein antolakuntza edo ekimen gogor jazartzen eta kriminalizatzen dela adierazi dute; izan ere, uste dute Frantziako zein Espainiako estatuetako instituzioek argi dutela zein den beren interesak bermatzeko ezabatu nahi duten jomuga: “Ez da ekintza zehatzengatik, baizik eta ideologikoki eta politikoki Euskal Herriko langileriari zuzendutako alternatiba politiko iraultzaile bat proposatzeagatik”. Horregatik, irmo adierazi dute badakitela zer diren eta ez dituztela desagerraraziko: “Ez gara ezkutatuko, ez gara burua makurtuta bizirautera mugatuko. Edozein inposizioren eta jazarpen motaren aurrean, nahiz eta gure ekintzak delitutzat jo, ez gaituzte desagerraraziko. Argi baitugu zer garen: Euskal Herriko langile independentista eta sozialistak gara”.
JARDUNeko kideek uste dute instituzionalismoak edozein planteamendu askatzaile edo iraultzaileren izaera indargabetzen duela eta “estatuen logikan irentsia izateko bidea” dela; horregatik defendatu dute Aberri Egunaren izaera aldarrikatzailea. Azaldu dutenez, proiektu politikoa argitara emateko eguna da, eta ez instituzioen babespean gauzatutako proposamen hutsa: “Ilunpetan bizi garenok, kapitalaren gurpilak zapalduta gaudenok, eta asimilazioa xede duen sistemaren aurrean, nazio gisa modu publikoan kalera ateratzeko eguna da Aberri Eguna”.
Horrela, apirilaren 5eko hitzordua instituzioetatik kanpo eta instituzionalismoan erori gabe, “haustura klabean gauzatuko den eguna” izango dela azpimarratu dute, eta gaineratu dutenez, “Euskal Herri Langileriaren potentzialtasun iraultzaileak" izan behar du bere "indar askatzailearen motorra”.
Aberri Eguna Merkurio plazatik eguerdiko 13:00etan abiatuko den eta ekitaldi politiko batekin amaituko den manifestazioarekin hasiko da. Mobilizazioaren ondoren, bazkari herrikoia izango da, 14:30etan, Astran. Tiketak bertan egongo dira salgai, 5 eurotan. Bazkariaren ostean, Andoni Ollokiegiren emanaldia egongo da. Bukatzeko, 20:30etatik aurrera, Lee Kore, Arene6, Odei Barroso, EH Sukarra eta Bad Sound Sistem taldeen musikaz gozatu ahal izago da Pasealeku plazan.







